martxelo otamendi

Euskal eredua Irlandara?

2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zutabegile honek lehenagotik ere idatzita dauka zein jokaldi profitagarria izan zen Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriko ezkerreko hiru indarrek —PS, Fronte Popular Berria eta EH Bai— bat egitea. Nork bere aldetik ez zuketen diputatu bakar bat ere aterako, baina hiru indarrek bat egiteak ahalbidetu zuen hiru alderdien sostengua zeukan aukerak hauteskundeak irabaztea Ipar Euskal Herrian, eta jokoan zeuden hiru diputatuak Fronte Popular Berriarentzat izatea. Ondorioz, aurreneko aldiz dago ezker abertzaleko diputatu bat Parisen: Peio Dufau.

Antzeko jokaldia egin du Irlandako ezkerrak egin berri diren presidentetzarako hauteskundeetan; bereizita joan barik bat egin, eta herrialdeko lehendakaria ezkerrekoa izango da, ezkerreko koalizioak irabazi zituelako bozak. Sinn Fein gorantz doan indarra da Irlandako Errepublikan, baina zaila zeukan bakarrik joanda irabaztea. Zer egin, orduan, behingoz ezkerreko presidente bat edukitzeko Irlandan? Ezkerreko indarrak batzea: Sinn Fein, laboristak, sozialdemokratak, berdeak…

Ospe handia daukan hautagai bat —Catherine Connolly— aukeratu zuten, eta koalizioa osatzen zuten alderdien babesarekin aise irabazi zituen presidente izateko hauteskundeak. Emaitza bikaina lortu zuen ezkerreko koalizioko hautagaiak: %63. Connollyk hautsi egin zuen urte luzetan Irlandako betiko bi alderdiek —Fianna Fail eta Fine Gael— eduki duten nagusitasuna, eta erakutsi zuen proposamen interesgarriak eginda lor litekeela ezinezkoa ematen duena.

Behin ikusita, Ipar Euskal Herrian eta Irlandan, orain arteko haserreak eta ezinikusiak baztertuta koalizioak sortzea onuragarria dela, zein da hurrengo urratsa? Udal hauteskundeak izango dira aurki Ipar Euskal Herrian, 2026ko martxoan. Asanblea Nazionalerako koalizio formula errepika liteke hauteskunde horietan hiri nagusietan alkatetzak lortzeko aukera handiarekin?

Eta Irlandako Parlamenturako hauteskundeetan koalizioan joango da ezkerra?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.