Blanca Urgell

Giza estutasuna

2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kosmosaren amaigabetasunaren ertzetik lortu diren urrutiko Lur ñimiñoaren argazkiek —«Puntu urdin margula» bide da ezagunena—  gizadiari buruzko hausnarketa gogoangarriak eragin dituzte. Ez nago ni halako aldarteko, ez, eta Orion kapsularen eta bere biztanleen ikuspegira lerratu zait burua.

Adimen artifizialak esan dit (ez larregi fidatu) 14 m2-ko gela handitxo batek —gure etxe askotan aditu batek diosta 12-14 artekoak direla— 35 m3 egiten dituela. Orionek horren herena dauka, 4 m2-ko komun handitxo batek beste, gutxi gorabehera.

Pentsatzen nabil zer-nolako aiurrikoak behar duten izan Orion kapsulan sarturik dabiltzan lau astronauta horiek. Komun trinkoa eta lotarako zakua ez beste guztia 24-7 partekatu behar. Estresa ondo baino hobeto eramatea, malgutasuna eta moldakortasuna, adimen emozionala eta talde-lanean aritzeko trebetasuna eskatzen omen zaie. Buruko egonkortasuna, diziplina, lidergoa eta larrialdiei erantzuteko gaitasun handia ere behar omen dira.

Nik gaitasun horietako batzuk ez ditut eta, bada, ziurrenik horregatik ari naiz zutabe hau idazten haiek Lurretik 406.776 kilometrotara joan eta etortzen ari diren bitartean. Eta halere, halere…

Reid Wiseman komandantearen emazte zenaren omenez Carroll izendatu berri dute Ilargiko puntu bat. Ikusi dut bideoan Christina Koch, emakume guztion aurresku, une hunkigarri horretan negarrez edo, beno, malkoak eskuekin xukatu nahian, eta neure artean egin dut ez ote garen uste nuen baino antzekoagoak bera eta ni. Egia da, bestalde, nik negarraren negarraz kapsula goraino beteko nukeela, ziurrenik fregonarik ez badute ere. Ala NASAk erabaki du une ustez hunkigarri horretan Koch andereari negar egitea zegokiola? Ala azken zazpi egunetako elkarbizitzaren estresak gainditu eta uneaz baliatu zen kortisola askatzeko?

Agian misantropo handiak hortik hasi ziren, alegia, Aste Santuan astebetez lagun batzuekin mendi puntako etxola batean euria goian behean ari duen bitartean egotetik. Edota txikitan baino ezagutu ez zituzten urrutiko lehengusu atsegin haiei etxeko ateak zabaltzetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA