martxelo otamendi

Irlandera indartzeko saioa

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteburuan egin zuen Conradh na Gaeilge erakundeak (Irlandako Liga) urteko Batzar Nagusia, Belfasten. Euskal Herriko Euskal Herrian Euskaraz-en parekoa, aldeak alde.

Irlandera sustatzeko sortu zen Conradh na Gaeilge, 1893. urtean. Ezaguna da irlanderak Ipar Irlandan eta Irlandako Errepublikan daukan egoera minorizatua, nahiz eta ehun urte baino gehiago badiren hegoaldean estatu hizkuntza dela. Irlandera estatu hizkuntza denez gero, ofiziala da Europako Batasunean, erabilerako hizkuntza da. Batek baino gehiagok esango du arreta handiagoa jartzen diotela Bruselan, Dublinen baino.

Hizkuntza minorizatuak indartzeko orduan beti jo izan da irlanderaren egoera segitu behar ez den eredutzat; izan ere, hizkuntza minorizatu askok daukaten arazo nagusia da ez direla estatu hizkuntza, eta, beraz, ez dauzkatela hizkuntza txiki batek behar dituen tresna legal eta sozialak hizkuntza nagusi eta orokorra izateko. Badaude, hiztun kopurua txikia daukatelako, estatu hizkuntza txikiak (letoniera, esloveniera, lituaniera…), baina estatu hizkuntza badira (ia) dena egin liteke hizkuntza txiki horretan.

Irlanderaren egoera larriaz jabetuta, indartu egin da urteotan, Ipar Irlandan bereziki, irlanderaren aldeko mugimendu soziala. Gorakada horrek lotura zuzena dauka Sinn Fein alderdia herritarren aldetik jasotzen ari den babesarekin, Ipar Irlandan nahiz Irlandako Errepublikan.

Taldea Irlanda osoan ari da lanean irlandera indartzeko, ibilbide luzea dauka, eta esanguratsua izan zen joan den asteburuko Belfasteko batzarrean parte hartu zuten gazteen ehunekoa. Gazteek bizkorraldia eman diote erakundeari, aire freskoa sartuz, eta ardura hartu dute. Gazte horietako asko gaelscoileanna-etan ikasitakoak dira: ikasgaiak irlanderaz ematen dituzten eskoletan.

Asteburuko batzarrean hartutako erabakietako bat, garrantzitsuena dudarik gabe, Irlandaren batasun politikoaren eskaerarekin bat egitea izan da. Orain arte, 130 urteotan hartu ez zuten erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA