Blanca Urgell

Lehendakaria

2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karlos Garaikoetxea aipatu gabe ezin da gaur zutaberik idatzi, nahiz nik ezer handirik ezin eskaini, nire subjektibotasuna baizik.

Erabaki beharko banu zein lehendakariren izendapenak poztu nauen gehien, kostako litzaidake erabakitzen harenaren eta Patxi Lopezenaren artean. Bigarrena une hunkigarria izan zen, berehala nahaspila hartan harrapaturik aurkitu banuen ere neure burua. Behingoan —eta behin ere ez gehiago, antza denez— EAJkoa ez zen lehendakari bat ospatu genuen EAEko herritar askok, eta geroko gorabeherek —bakoitzak egoki dakusan bezala epaituko ditu— ez dute lainotzen nire memorian oraindik herritar bat besterik ez nintzen uneko poz hura.

Sarritan irakurri dut, atzera baikortasunez begiratzen dutenen idatzietan, gaztetasunekoa baino poz handiagorik ez dagoela. Hori hala balitz, esango nuke Garaikoetxearen izendapenak ilusioaren erroak sakonago landatu zituela ene bihotzean. Sare sozialetan gogoratu didate gizon erakargarri xamarra ere bazela, baina nik, mojetan hezia izan arren, ez dut sekula crush-ik izan bere estiloko gizonekin.

Ez zen hori kontua, euskal herritar askorekin partekatzen nuen zerbait baizik: Euskadi berriro ere eta luzerako —dena ondo bidean— bere lege eta erakundeen jabe ikustea. (Buruan fotograma bat: lehendakaria Venezuelan lehenengoz, ikurrina aldean, ereserkia entzuten). Abertzalea al hintzen orduan, Blanca? Politikoki zerbait, Euskadiko Ezkerraren inguruan ginenok ginen modu berezi hartan; etimologikoki, erabat aberriaren zalea.

Amets hura hautsi zen. Hautsi zuten. Sare sozialetan irakurri dut herriren batean KGri txanpon zaparrada bota ziotela —garai hartako pezeta gorriak—, alderdikideek I suppose. Euskal dotorezia. Alderdiak ez zion hari bakarrik azpijana egin, Eusko Jaurlaritza sendo baten alde sinesten genuen herritar guztiei baizik. Aldundiak gailendu ziren, ordea, herrialde kohesionatu bat izateko aukera galdurik, frankismotik atzera bidali baikintuzten, foru-minez, diru-gosez edo boterea gal beldurrez, nik ba al dakit.

Historia, diotenez, indartsuek idazten dute. Irabazle edo galtzaile —ez dut esango nire epaia zein den—, KG horietako bat da, nire ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA