Guztiei irribarrez ibili gara gaur lanean. Oreinek laster marraka egingo dute, eta guk asteon irribarre: iraileko errituak.
Elkarri agur esanda bakarrik jakin ezin daitekeen arren, elkarrizketak berehala argitzen du irribarreak hainbat kontu estaltzen dituela: lanean hasi beharraren ezinegonetik errutinara itzuli beharraren lasaitasunera bitartean gabiltza, batzuk hola eta besteak hala. Guztiok ez baitugu uda modu bera izan.
Irailaren batari irailaren 14ak segitu omen zion behin Britainia Handian eta haren kolonietan, 1752an, egutegi gregoriarra hartu zuten unean. Hamaika egun galdu zituzten, espazio-denboraren tolesturaren batean ostendurik. Ez dirudi, ordea, horrelako bat-bateko jauzi batek ezer konponduko digunik guri. Are gutxiago ziplo irailaren batetik uztailaren 29ra aldatzea, baten batek tentazioa izan balezake ere. Bizitza laburra da.
Irailaren 1ean lanera itzuli garen langileok geure gauzetan murgilduta gabiltzan bitartean, ordea, hamaika gauza gertatzen dira, albistegietan agertzen direnak eta ez direnak, eta agertzeari laster batean utziko diotenak ere. Noski, ez gara urrutira joan behar aurkitzeko. Donostian udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituen uztailean. Beren kabuz ogitartekoak banatzen aritu diren herritarrak identifikatu eta zigorrekin mehatxatu ditu Udaltzaingoak; afari haiek jasotzen zituztenak, berriz, agindutako alternatibaren zain daude oraindik.
Bitartean jakin dut Gasteizen lantegi abandonatuetan ez ezik parkeetan ere bizi direla gure etxegabeak, kanpadendetan.
Ezen gose izan naiz eta eman drautazue jatera; egarri izan naiz, eta eman drautazue edatera (Mt 25, 35) dio Leizarragaren itzulpen beneragarriak.
Ez dakit gose denari jaten ematea noiz bihurtu zaigun arazo. Ez hain aspaldi behartsuei laguntzea bake sozialaren berme ere bazela esaten ziguten. Orain, ordea, borondatez jaten ematea bera ere oztopatzen hasi gara.
Abuztuan Lurdesen izan nintzen. Nik ere ez nuen zer jan edota non lo egin ez daukatenen alde ezer eskatu han. Lanera itzuli naiz, guztiei irribarre egiten diet, baina egunkaria ere irakurtzen dut eta pentsatzen dut: negua ez dago urrun.