Hedoi Etxarte

Suizidioaz eta poliziaz

2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraileko lehenengo igandean zabaldu zen Iker Aristuren heriotzaren albistea sare telematikoetan. Bideoaren diskurtsoarengatik eta gertukoen ñabardurek aditzera ematen zutenagatik ezin izan zuen mina jasan eta bizitza etetea erabaki zuen.

Oso natura ezberdineko bi piztiarekin ari naiz jardunean egun hartatik. Lau kafe hartu nituen nik Aristurekin. Duela hamahiru urte aurrenekoa, beste hirurak azken bi urteotan. Solasaldiko distantzia neurtzeko oso modu partikularra zuen. Ohi duguna baino gertuagora joaten ausartzen zen galderetan, eta gero zeharo urruntzen zen, lotsagabe izatearen beldur. Nabarmena zen makal zebilela, ongi bidean egon nahi zuela esaten zizun, saiatzen zen liburuen irakurketekin ere bizitzari eusten, onartzen zuen kostatzen zitzaiola kontzentratzea, testuan barna segitzea. Ez nintzen bere senidea, ezta laguna, ezta militantzia kidea ere. Baina ziur naiz ez naizela hurkoa izan gabe kafeak berarekin hartu dituen bakarra. Beraz, zergatik ez gara inplikatu makal zebilenarekin? Zergatik pentsatu dugu minenak direnekin aski izango zela? Zer gara ez bagaude minenak ez direnekin ahalegintzeko prest?

Bigarren piztia da 2008ko urrian Espainiako Poliziak, terrorismoaren aitzakian, atxilotu, torturatu eta kartzelatu zuela Aristu ezker abertzaleko militante gazte bat zelako. 2011n bukatu zen ETAren kapitulua. Jakin dute Aristuren torturatzaileek, operazio hartan parte hartu zuten dozenaka gizonek, garaiko Barne ministroak, 18 urtez bizirik iraun ostean ez duela gehiago jasan egin ziotena? Eta guk, 2008 hartan ETAk ziklo armatua etetea eta Hegoaldearen desmilitarizazioa nahi genuenok: zer egin dugu torturatzeko, atxilotzeko eta beldurra eragiteko polizia eta armadek baliabideak gal ditzaten? Kontziente gara Saxoniaren kontinente berean bizi garela eta bikain koipeztatuak daudela torturatzeko ibilgailuak, ukabilak, legeak, hedabideak, algoritmoak eta epaitegiak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA