Goizalde Landabaso

Telesailak

2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badut lagun bat Hego Koreako telesailen zale amorratua dena. Egun lakarra duenean, gordeak dituen telesailetara jotzen du eta eguneko gorabeherak astindu ohi ditu horrela. Nik, zinez diotsut, ez diet ezelango xarmarik aurkitu, baina badakit, jakin, badituztela bere ikus-entzuleak. Ipar Korean ere bai, nonbait. Han, ordea, debekatuta ei daude Ipar Koreatik kanpoko telesail eta filmak. Eta eiomen eta ustezko denak erabili nahi ditut ez baitakit zer gertatzen den han. Mendebaldeko zenbait hedabidetan irakurri dut NBEk ezagutarazi duen txosten bat. Horrek dioenaren arabera, Ipar Korean hazi egin omen dira, atzerriko ikus-entzunezkoak ikustearren edota zabaltzearren, heriotzara kondenatuak.

Teknologia gurtze garaian bizi dira mugaz bestaldeko horiek ere, eta, hain zuzen ere, teknologiari esker, Ipar Koreako Gobernuak espioitza lanak egiten ei ditu, eta horrela daki nork banatzen dituen ikus-entzunezkoak, eta nortzuek jasotzen dituzten. Hots, Ipar Koreako Gobernuak espiatzen ditu bere herritarrak; latza, gero, espioitza lanetan aritzen den gobernu bat. Ironia ez da egokia horrelakoetan, espioitzaren ostean zigor gogorrak eta heriotza kondenak datozelako, eta gainera, ez dut Ipar Koreako Gobernua zuritzeko ezelango asmorik. Albistea irakurrita pentsatu dut zeintzuk izango ote diren klandestinoki hedatzen dituzten ikus-entzunezko horiek. Izango al dira nire lagunak ikusten dituen Hego Koreako telesailak? Ala mahukapean pasatuko ote dute Michael Haneke-ren Das weiße Band (espainieraz, La cinta blanca; frantsesez, Le ruban blanc)? Besteak egiten duena jakiteko, errezel artean begiratzea, gero ahopean norbaiti kontatzeko, eta zelanbaiteko zerrendak egitea nork daki zertarako kontu zaharregia da leku askotan. Eta gaitzesgarria, goitik behera.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.