Frantziako hauteskundeek badute berezitasun bat bitxia egiten zaiguna ohituta ez gaudenoi. Udal hauteskundeetan lehen itzulia egin eta 48 orduko epean jakinarazi behar dira aliantza berriak, nor norekin elkartuko den bigarren itzulian garaile atera eta alkatetza lortzeko.
Paradigmatikoa izan da Baionan gertatutakoa. Rene Etxegarai izan zen lehena —%42rekin—, Jean Claude Iriart abertzalea bigarrena —%21,9rekin—, eta Henri Etxeto sozialista hirugarrena —%21,30ekin—. Hortaz, oso alde txikiz irabazi zion Iriartek Etxetori.
Azken urteotan, sozialisten artean Etxetok izan du jarrerarik gogorrena abertzaleekin. Ipar Euskal Herriko abertzaleen artean galdetuz gero zer sozialista ikusi nahi duten urrutien, ia denek «Etxeto jakobinoa» erantzungo dute. Ezinikusi handia egon da bien jokabide politikoen artean. Emaitzak ikusita, berehala egin dute akordioa Iriartek eta Etxetok bigarren itzulira elkarrekin joan eta Etxegarai hiriburuko alkatetzatik kentzeko. Suerte handia eduki du Iriartek Etxetoren aurretik geratuta —gutxigatik izan bada ere—. Horren erraz onartuko zuketen abertzaleek Etxeto izatea aliantzaren zerrenda burua emaitzak alderantziz izan balira? Hau da, Etxeto Iriarteren aurretik geratu izan balitz?
Ikusi egin beharko da nola hartuko duten akordioa aliantzaren bi aldeetako boto emaileek, eta igandean botoa emandako guztiek errepikatuko duten, a priori nahiko contra naturam ematen duelako aliantzak. Bat gehi bat ez dela beti bi, are gutxiago politikan.
Nola hartuko dute aliantza hainbat abertzalek jakinda oso balorazio ona egiten dutela azken urte luzeotan Jean Rene Etxegarai alkateak euskal auziaren hainbat puntutan —armagabetzea, Elkargoa…— laguntzeko eduki duen jarreraz?
Interesgarria igandeko gaua Baionan. Eta Kanbon.