martxelo otamendi

Zergatik hemen, Zupiria jauna?

2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko parlamentariei begira «Zergatik hemen?» galdera bi aldiz eginda bukatu zuen agerpen frustragarria Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak.

Galdera horren erantzuna Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu ohiak eman zuen 2013an, kargua hartu eta gutxira Bizkaian gehien saltzen den egunkarian egin zioten elkarrizketan: «Eta egia da ezkerreko jende jakin batentzat Ertzaintzak figura bat irudikatzen duela. Baina poliziaren kolektiboan ere ezker abertzaleko jende jakin batenganako gorrotoa egon daiteke». Ezker abertzalea esan zuen lekuan jarri solidarioak, flotillakoak, alternatiboak… eta hortxe daukazu erantzuna, Zupiria jauna. Alde handi batekin: 2013an hura esan zuenetik jaitsi egin da ezker abertzaleko batzuek Ertzaintzari dioten gorrotoa, eta handitu egin da ertzain batzuek arestian aipatutako kolektiboei dieten gorrotoa. Ertzaintzaren hauteskunde sindikalen emaitzek ondo azaltzen dute ertzain askoren ideologia eta haien artean nagusitzen ari den polizia eredua. Loiun ertzain batek baino gehiagok gorrotoz jardun zuen, lurrean zeudenak behin eta berriro indar handiarekin joz. Gorrotoa.

Ertzaintzaren arazoa ez da Loiukoa salbuespen bat izatea, horrelako asko egin dituelako, baizik eta inolako larritasunik erakusten ez duen egoera batean, proportziorik gabeko esku hartze baten ondorioz, neurrigabeko jipoialdia ematea. Eta okerrena da eskandalua joan eta eskandalua etorri, beti berdin bukatzen dutela poliziaren buruen adierazpenek: «Errebisatu egingo ditugu protokoloak». Zenbat urte protokoloak errebisatzen?

Flotillakoen artean espetxeratutako ETAko bi kide ohi zeudela azpimarratzea, eta biak seinalatzea istiluen sorburuan, ayusismo ariketa bat egitea da, bete-betean.

Legezkoa da, Zupiriak legebiltzarrean egin zuen bezala, atxilotutako batek atxilotuta zegoela esandakoak publiko egitea?

Jarriko al diete Loiuko bideoa Arkautiko akademiako ikasleei egin behar ez denaren eredu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE