Señorekin hasi nuen abuztua eta, nolabait, andereñoekin bukatuko dut. Ongi dago kanpoan zer dagoen ikustea, bai on eta bai txar, etxean zertan hobetu dezakezun ikusteko edo besteenean ona den hori nola egokitu daitekeen jakiteko.
Horregatik joan omen zen Aste Santuan euskal espedizio bat Estoniako hezkuntza sistema ezagutzera. Punta-puntakoa omen da, aizue. Zer dakizue zuek Estoniari buruz? Nik, gauza askorik ez. Hizkuntza ez-indoeuropar bat dutela, euskararen antzera, baina haienak badu ahaiderik. Finlandiera eta estoniera ez omen daude hain urrun (nahiz eta ezinikusi ederra dioten batak besteari).
Joan zen ba hezkuntzako profesional eta politikariz osatutako espedizio hura Tallinera, hango udal eskolak ezagutzera. Izugarrizko esperientzia. Zeinen eder eta zeinen eredugarri Estonia. Dena zen loria eta lilura. Dena aberasgarria.
Egun batzuk lehenago, EAEko udal haur eskolak desagerraraztea bozkatu eta erabaki zuten Estoniara joandako politiko horiek eta haien alderdiek, eta kontra zeudenek ere txio batekin finikitatu zuten gaia.
Ez dakit zer kontatuko zieten Tallingo udal eskoletako arduradunei euskal politikariek. Agian, lotsaren izenean, isilik geratu ziren. Niri, behintzat, auzo lotsa galanta eman zidan politikarien argazkiak, eta are gehiago Eusko Legebiltzarrak idatzitako txioak.
Baina hau ez da gure hezkuntza sistemari buruz gaizki esaka ibiltzeko txokoa. Beraz, gora Tallingo haur eskolak! Behera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal haur eskolak!