- Ez daukazu gauza handirik egiteko, ezta?
- Ummm.. mandatu gutxi batzuk, baina ezer garrantzitsurik ez.
- Ba, etorri nirekin haragitegira, bildots erdi bat enkargatu nuen aurrekoan eta jaso egin behar dut.
- Ederto, baldin eta gero zuk laguntzen banauzu, e?
- Jakina! Ta pintxoa ere neure kontu.
- Neska, lehengo egunekoa aireportuan, zer?
- Lagun batek kontatu zidan kalean. «Antzina moduan» esaten zidan, «antzina moduan»…
- Bai, ez da salbuespenezko gertaera izan.
- Salbuespena, agian, mundu zabalean ikusi ahal izan dutela ez gabiltzala gehiegikerietan gehiegikeria polizialak salatzen ditugunean.
- Bai, Albanese errelatorea ere 7 ezberdintasunen jokoan aritu zen Israel eta Euskal Herriko irudi bien artean.
- Eta oraindik ezin izan du bat ere aurkitu.
- Txarrena da errealitatea, zoritxarrez, herritarren gorputz kolpatu, zauritu eta mutilatuetan ikustarazten dela. Saihetsak, begiak, testikuluak, buruak… bizitzak!
- Sailburu jaunari ez zitzaizkion irudiak gustatu, ez zirela inoiz pasatu behar izan eta ardura guztia bere gain hartzen zuela.
- Ixi! Entzun ahala uste izan nuen, horren segidan, dimisioa emango zuela!

- Kaaar!!! Hain dago lohiturik erantzukizun berba! Ardurak ezerezean geratzen dira, ondorioek lagundu ezean. Antzera gertatzen da horren lauskiturik dagoen barkamenarekin, baita lagun artean ere. Barkamen eskaerek ez dute ezertarako balio, emendatzeko asmorik ez badago.
- Ze kristinau geratu zaizun, neska!
- Asko ikasi nuen mojen eskolan, kar! Dotrinaz zerbait, botereaz asko eta, batez ere, nire ateotasuna areagotzen, kar!
- Batzuetan pentsatzen dut test psikoteknikoen ordez, psikopatia testak egin beharko lituzketela.
- Ez dizut kontrakorik esango, baina, kontuz, ez dira munstroak eta arazo nagusia ez dira pertsona zehatzak. Arendtek ondo azaldu zigun zer ezkutatzen den atzean eta aurreikusi baino hutsalagoa dela. Enpatia falta garrantzitsua da, baina autoritateari obedientzia itsua gehitzen diogunean, pentsamendu kritiko propioa desagertu eta, laster batean, aginduak betetzea lan burokratiko bihurtzen da.
- Ez, ez dira munstroak, ez ditzagun maila horretara altxa. Andra-gizon normalak baino ez dira, gizontxoak asko, triste eta txikiak, euren buruarekin hobeto sentitzeko, ahulagoa zapaltzea baino ez daukatenak.
- Halako jokabideak errazten dituen egituraz kezkatzen dira zenbait.
- Bai eta polizia ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean dago.
- Orrialdeak eta orrialdeak bete ahal dira, baina korporatibismoak eta inpunitateak dirauten bitartean...
- Barkaezina dena barkatzen ahalegitea, berez, inpunitatea sustatzea da. Tartean probokazioak izan direla esatea erasotzailea desenkusatzea da…
- Niri neuri, biktimen probokazioaz entzuten dudan bakoitzean, burua gona laburregietara joaten zait beti.
- Jipoia eman dutenak eta jipoia jaso dutenak parekatzea eta errua denen artean banatzea, sailburuak egin bezala, karta zuria eta bide zabala ematea da hurrengoan ere gauza bera gerta dadin, baina herritarrok ez ei dakigu egoera batzuk normaltasunez kudeatzen.
- Izan gaitezen serioak, hau ez da auzokide arteko kalapita bat. Indarkeriaren monopolioa edukitzeak esan nahi du egoerak kudeatzeko ardura ere, oso-osorik eta bete-betean, zeurea dela.
- Badirudi Pradalesekiko elkarrizketan zeudela, aurreko egunean lehendakariak esandako guztiari erantzuna ematen ari zirela, ondo apunta dezaten.
- Gobernua guztiz bahiturik daukatela iaz bertan ikusi ahal izan genuen, ezta? Diru gehiago nahi duzuela? Zenbat? Kotxe berriak nahi dituzuela? Horra BMWak. Psikoteknikoak suspenditzen dituzuela? Trakil, eskakizuna jaitsiko dugu, «con un seis y un cuatro, horra zure erretratu» mailara arte bada ere.
- Halako grina itsua, halako aiher eta gorrotoa, halako herra bizia ulertezina da, ez bada arrazoi ideologikoek bultzatzen dutela, borrak daramatzatenen ideologiak, alegia.
- Zupiriak berak onartu egin zuen: «ez zen ideologiagatik izan, baina bi ETAkoak ziren». Argi gera zedin.
- Ez zaio polizia ereduari eskurik sartzen ez dagoelako horretarako borondaterik, nahi den eredu poliziala horixe delako.
- Ba kontuz, jaten ematen duen eskuak ere, zenbaitetan, haginkada hartzen du azkenik.
- Badakizu zertaz ez den apenas berba egiten aspaldiko partez? Poliziaz, instituzio moduan. Agian arazoa ez da eredua, instituzioa bera baino. Espetxeekin gertatu bezala.
- Balizko aginterako edo balizko agintetik pentsatzen bada, gogoa kudeaketara kateatzen da. Kudeaketa hobea izan daiteke, jakina, baina, azken batez eta gehienbat, txaplatak baino ez dira izango sistemak helburu zehatzekin sortutako instituzioetan.
- Zer diozu? Erradikaltasuna berreskuratu eta erroetara jo? Horretarako, berriro amesteko prest egon beharko ginateke eta, dirudienez, gaur gaurkoz, ultraeskuma eta Ilustrazio Iluna baino ez dabiltza bestelako mundu bat irudikatzen.
- Hainbeste mugitu da Overtonen leihoa, ezen orain ezkerra baita demokrazia burges-liberala eta bere instituzioak defendatzen dituena.
- Ea, lagundu M.-ren dendara, katuarentzako harriak erosi behar ditut eta.
- Katu guztiak politak dira.