Lazo proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu duen irtenbidea da N-I eta A-15 errepideak lotzeko, bertatik egunean 73.000 ibilgailu ibiltzen baitira. Errepide horiek Europako E5 (Algeciras-Erresuma Batua) eta E80 (Lisboa-Iran) ibilbideen parte dira. Proiektuaren xedea da N-I errepidea eta Oria ibaia 20 metroko altueran zeharkatuko dituen 720 metroko zubibide bat eraikitzea, hiri handi bateko korapilo bati legokiokeena.
Europako trafiko-arazo batek eskala horren araberako konponbidea behar du. Izan ere, irtenbide hori badago: Kanpoko Saihesbide Eguneratua. Horrek segurtasun mailako balorazio hobea lortu zuen Aldundiak eskatutako bi irtenbideen arteko alderaketa-txostenean, kutsaduraren eta herri garapenaren arloetan gertatu zen bezala. Zein da arazoa, bada? Printzipioz –orain arte idatzita dagoen proiektu integral bakarra da– garestiagoa dela.
GFAko arduradun politikoek adierazi dute badakitela zer behar dugun eta beren erabakien erantzule egingo direla. Beraz, argi dago dirua gipuzkoarron –ez soilik andoaindarron– segurtasunaren aurrean jarriko dutela: hau ez da Andoainen arazo esklusiboa. Ea Gipuzkoa jabetzen den gainera etorriko zaion bide-segurtasunaren arazoaz.