Pradales lehendakariak adierazi du EAEra iristen diren migratzaileak agian ez direla behar ditugunak. Adierazpen kezkagarriak iruditu zitzaizkidan; hori bai, sorpresarik ez. Migrazioaren instrumentalizazioa ez da fenomeno berria. 2000ko hamarkadan Europatik kanpoko etorkinen iritsiera handitzen hasi zenetik, gorroto diskurtsoak ere esponentzialki zabaltzen hasi ziren. Horrekin batera, Eskubide guztiak pertsona guztiontzat leloa aldarrikapen marjinala bihurtu da, eta ez soilik migrazioaren esparruan.
Egun, ideologia oso desberdineko jendeak lasai erabiltzen ditu eskuin muturrekoen diskurtsoak, hala nola etorkinak (edo ijitoak, edo tratu txarrak salatzen dituzten emakumeak) «diru-laguntzetatik bizi» direla. Bitxia da, gizarte arloan urte ugari lan egin ondoren, ez baitut ezagutu pertsona bakar bat ere laguntzetatik bizi dena, ez behintzat duin.
Dena den, neure buruari galdetzen diot ea Pradales jaunarentzat ni (Tuteran jaioa, eta Donostiara lan bila etorria), migratzaile «aproposa» izango naizen ala ez. Hori bai, argi daukat diskurtso xenofoboak errepikatzen dituztenak ez direla hemen bizi garenok behar ditugun agintariak, gure jatorria edozein dela ere.