ZUZENDARIARI

Bi arnasa, mila arnasa

2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Maiatzaren 22an, Irungo Amaia kultur zentroan lepo betetako aretoan, Bi arnas dokumentala ikusi nuen. Eta Iratxe Sorzabal euskal preso politikoaren eta bere amaren arnasak sentitu nituen. Torturatu baten eta haren amaren hitzak bizi nituen, eragindako milaka tortura kasuak gogoan.

Tortura kasu haietariko bi orain dela 30 urte izan ziren. Bi arnasa ia eten ziren 1992ko maiatzaren 9an atxilotu eta bost egunez inkomunikatu eta torturatu zituztenean. Hiru hilabete besterik ez nituen garai hartan, eta bi arnasa horiek, nire bi osabenak ziren. Handitu ahala gertatutakoaz ohartzen hasi nintzen: kartzelan zeudela, erakundeko kide izan zirela, kilometro mordoa egin behar nituela haiek ikusi eta sentitzeko, eta tortura basatien kontua.

Bi sentimentu kontrajarri hazi ziren nire baitan: amorrua, nire senideek pairatu behar izan zutenagatik, eta miresmena, herri honekiko beraien erabateko engaiamenduagatik. Horrek eraman ninduen beraiek erakutsitako bidea jarraitzera, eta 14 urte besterik ez nituela nazio askapen mugimenduaren parte izatera pasatu nintzen. Urte gogor eta ederrak izan ziren: atxiloketak, torturak, errepresioa... baina aldi berean militantzia kideen arteko konplizitatea, konpromisoa, laguntasuna... eta burututako lanaren emaitzak.

Nik argi nuen nire osabei gertatu zitzaiena kasu isolatua ez zela, eta herri honen askapen borrokan inplikatzeak horrelako ondorioak ekar zitzakeela. Gaztetxo bat besterik ez nintzela, behin baino gehiagotan burura etorri zitzaidan une hori niri ere irits zekidakeela. Eta nire inkontzientziatik edo, mentalki prestatzen ahalegindu nintzen.

Dokumental eder horrek, berriz ere nire barrenak astindu ditu.

Berriki nire kide batek gertaera larri bat pairatu du. Garai hartan torturatu zuten Eneko, eta duela egun batzuk alabarekin zegoela abordatu eta mehatxatu zuten espainiar agenteek; tortura psikologikoa. Etsaiek urte luzeetan zehar erein duten gorroto hori, eragin dituzten milaka arnasa horiek, bilaka daitezela herri hau askatasunera eramango duten milaka ardaxka gazte berriak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.