Lasarte-Oria

Haur-eskolarik gabe, nora jo familiok?

Ainara Manso
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lasarte-Oriako haur-eskola publikoan dagoen plaza falta egiturazko arazo bihurtu da. 2025-2026 ikasturterako, 1-2 urte bitarteko herriko 12 familiak ezezkoa jaso dute hain oinarrizkoa den baliabide bat eskuratzeko: haur-eskola publikoan plaza bat.

Egoera ez da hobetuko presaz jokatzen ez bada. Jaiotzak gora doaz Lasarte-Orian: Eustaten arabera, 2023an 111 haur jaio ziren, eta 2024an, 122. Goranzko joera honekin, urtebete baino gutxiagokoentzat 16 plaza publiko bakarrik eskaintzea ez da nahikoa.

Arazo honek familia asko linbo batean uzten gaitu, benetako alternatibarik gabe: haurtzaindegi pribatuak garestiegiak dira, beste udalerri batzuetara joatea zaila da, eta lan-baimenak luzatzea ez da beti bideragarria. Ondorioz, kontziliazioa ia ezinezkoa gertatzen da.

Bitartean, familiok ez dakigu norengana jo. Erakundeek erantzukizuna elkarri pasatzen diote, badirudi inork ez duela benetako irtenbiderik mahai gainean jartzen.

Noiz arte egingo dugu ez ikusiarena arazo hori dela eta? Eta noiz arte helaraziko zaie zama familiei erantzun errealista eta urgenterik gabe? Ez ikusiarena egiteak ez du arazoa desagerraraziko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.