Patxi Larrainzar ikastetxeko guraso elkartearen Hezkuntza Publikoaren Defentsarako Batzordearen izenean, honako mezu hau helarazi nahi diegu familia guztiei: hezkuntza publikoa guztion konpromiso aktiboa eskatzen duen ondasun komuna da. Ez da nahikoa gure seme-alabak goizero eskolara bidaltzea; ezinbestekoa da gurasoak ere hezkuntza publikoaren defentsan eta hobekuntzan inplikatzea. Gaur jasotzen duten hezkuntzaren kalitateak gure ume eta gazteen etorkizuna baldintzatuko baitu.
Hezkuntza publikoa ez da gastua, inbertsio garrantzitsu bat baizik. Horregatik, kezkaz ikusten dugu gastu militarra handitzea edo baliabideak itunpeko eskoletara bideratzea, aurrekontu murrizketak, langile falta, ikasgelako batez besteko ikasle kopuru handiak, orientatzaileen lan zama, jantoki publikoen gabezia, garbitzaileen egoera prekarioa edo instalazioen egoera txarra normalizatzen ari diren honetan. Hezkuntza publikoan inbertitzea lehenetsi behar da; izan ere, aukera berdintasuna bermatuko duen hezkuntza sistema bakarra da.
Horregatik, gure guraso elkartean Hezkuntza Publikoaren Defentsarako batzorde bat sortu dugu. Batzorde honek irakasleekin eta sindikatuekin elkarlanean jarduteko asmoa du, uste dugulako hezkuntza komunitate osoak —irakasleak, familiak eta ikasleak— elkarrekin baino ez diezaiekeela egin aurre ditugun erronkei.
Hori dela eta, beste guraso elkarte guztiak bide bera hartzera animatu nahi ditugu: Hezkuntza Publikoaren Defentsarako batzordeak sortzeak aukera emango baitigu kezkak bideratzeko, ekintza bateratuak antolatzeko eta hezkuntza eredua hobetzeko eztabaidetan aktiboki parte hartzeko. Era berean, ikastetxeen arteko elkartasun-sareak ehuntzeko eta mobilizazioak indartzeko tresna eraginkorrak izango dira, betiere Sortzen eta Herrikoa guraso elkarteen federazioak lagun ditugula.
Azkenik, aurten egon diren irakasleen greba eta mobilizazioekin —kalitatezko eskola publikoaren aldeko konpromisoaren adierazgarri— bat egiten dugu eta borrokan jardutera animatzen ditugu; haien aldarrikapenak babestea gure seme-alaben eskubideen defentsa ere badelako. Ahalegin horretan bidaide izango gaituzte.
Hezkuntza publikoa guztion artean babestu beharreko ondasuna da, denona. Batzorde honetan lanean jarraituko dugu, informatzen eta mobilizatzen, gure seme-alabek merezi duten eskola duina, publikoa eta euskalduna lortzeko. Hezkuntza publikoa defendatzea berdintasuna, etorkizuna eta justizia soziala defendatzea da.
Zendu berri den Pepe Mujicak zioen bezala, «herri baten aurrerabiderako hiru gauza baino ez dira behar: hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza».