Otxandio

Irabazi beharreko zerbaitetara

Aritz Soloeta Garmendia
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabete edota egunetako gertakariei erreparatuta, gure herriko agintari asko maila moral bikoitz batez hitz egiten ari direla ondorioztatu dezakegu? Bata estatu bateko herritarrei dagokiena, eta bestea bere barne mugetan edota nazioarteko esparruan beste estatuekin hartu-emanetan aritzen den estatuari dagokiona?

Izan liteke agintari hauek uste izatea estatuak batasun etiko bat adierazten duela, eta, ondorioz, uste izatea gizarte politiko-etiko baten sorrera nahitaez estatuaren existentzian oinarritzen dela? Ondorioz, gobernantza subirano baten legeen esparruan ez bada, moralik eta etikarik ezin dela existitu sinisteraino? Edota estatu bat ezin dela inolaz ere moralki epaitu, gizabanakoari aplikatzen zaizkion printzipio etikoen arabera?

Agintariek ez dute protesta edota erresistentzia bere horretan debekatu beharko litzatekeenik esaten; bai, ordea, muturrekotzat jotzen dena. Inplizituki, beste erresistentzia bat aipatzen dute, kaikuaren erresistentzia, hain justu. Errespetagarria, funtzionala eta estatuarekin lagunkoia. Beraz, agintari ezberdinek mendeetan egin dutena egiten jarraitzen dute; herritarren indarkeria eta etika gabezia salatu eta beren proiektu kolonialak mehatxatzen dituztenak baztertu.

Hizkuntzari dagokionez, esaterako, antzeko tonuak entzutera ohituta gaude. Denok dakigu Euskal Herriko agintarien artean jatorrizko hizkuntza gorde nahi duen jendea badagoela. Baina ez dute hizkuntza politika bere osotasunean aldatu nahi, euskararen edertasuna goraipatzera mugatu baizik.

Horrela, hizkuntzak bizirik iraungo badu, botereak mendeetan barbarotzat jo eta oraindik ere zapalkuntza lotsagarria pairatzen duen hizkuntza bera, milaka euskal herritar beronen onurak nabarmentzera behartzen dituzte. Egoera horretan, ordea, eskubideen ideia; euskaraz aritzea, erabakitzeko eskubidea, biktima gisa aitortua izateko eskubidea, besteak beste, irabazi beharreko zerbaitetara igarotzen da.

Laburbilduz, errugabetasuna frogatu, boterearen gisa jokatu eta gai direla erakutsi dezaketen horiek bakarrik berreskuratu ahal izango dute kendu zaiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.