Euskaltzaleen Foroko kideak

Merezimenduen dekretua: erasoa euskaldunoi eta udalen autonomiari

Fermintxo Zabaltza eta Jonjo Agirre
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak 2024aren bukaeran onetsi zuen Merezimenduei buruzko 97/2024 Foru Dekretua. Arau horrek erregulatuko du nola baloratu euskara lan deialdietan. Dekretuak baditu onuraren bat eta alderdi txar asko. Alderdi txarren artean bat da nagusia, eta ia oharkabean igaro da (BERRIA egunkariak bakarrik eman du honen berri):

Arau berri hau udaletan ere aplikatzekoa da: izan ere, aldatzen du, besteak beste, 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua, eta erregelamendu horrek udalei ere eragiten die. Hala, demokrazian gaudenetik lehenbiziko aldiz, muga bat jartzen zaie udalei, euskara baloratzeko garaian: eremu mistoan, gehienez ere deialdi osoaren %2,1ekin baloratuko da euskara (zehazki: deialdietan, merezimenduak, guztira, puntuazio osoaren %30 izan daitezke gehienez jota, eta euskararen balorazioa, %30 horren %7 eremu mistoan).

Orain arte, eremu mistoan, udal batzuek hori baino askoz gehiago baloratzen zuten euskara: kasu batzuetan, adibidez, deialdi osoaren %10; hortaz, galera agerikoa da.

Ba, udalei bukatu egin zaie euskara nahi adina baloratzea, baina, itxuraz, ez udalek, ez alderdi politiko abertzaleek ez dute asmorik horren kontra mobilizatzeko edo deus egiteko. Zorionez, bada salbuespenik: Mendigorriko Udalak eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek errekurtso judiziala jarri dute euskararen, euskaldunon eta udalen autonomiaren kontrako eraso honi aurre egiteko.

Gainerakoetan, abertzaleen eskuetan dauden udalek gauza bakarra egin dute: arau berria onartu isil-isilik, eta aplikatu. Hala, esaterako, Burlatako Udalak deialdi bat argitaratu zuen lorezaintzako ofiziala izateko, eta euskara jakiteagatik 10 puntu lor zitezkeen (2024ko abenduaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Gero, ikusirik Merezimenduen Dekretua jada indarrean zela, atzera egin zuen, ofizioz, inork errekurtsorik jarri gabe (2025eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Udalen eta euskararen kontrako eraso honek ez du aurrekaririk, eta arduradunak ez dira izan ez UPN ez epaileak, Nafarroako Gobernu hau baizik. Eta ez da aski Mendigorriko Udalak eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek errekurtsoa jarri izana: eragile euskaltzaleek, udalek eta alderdi abertzaleek mobilizatu egin behar dute. Orain arteko jarrera aldatzea espero dugu, eta denon artean Merezimenduen Dekretua atzera botatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.