Ez dago ukatzerik Saharar Herriaren aldeko mugimendu sarea garrantzi handikoa dela Euskal Herrian, eta baita Espainian ere. Izan ere, joaten zaren lekura joaten zarela, herri horri sostengua ematen dion elkarteren bat topatuko duzu. Haietako batzuk orain dela 50 urte sortu ziren; beste batzuek, ordea, ez daukate hainbesteko eskarmenturik, baina guzti-guztiek bat egiten dute hainbat egitasmoren kudeaketan, zeinaren bidez basamortuan bizi diren pertsonen ongizatea hobetzen baitute.
Oporrak Bakean da haietako bat, eta esan beharra dago ume sahararrentzat ezinbestekoa dela; azken batean, basamortuko bizi-baldintzak gogorrak dira, are gogorragoak udan zehar. Alde horretatik, elkarteek egiten duten lana —txikitxo horiek eremu horretatik atera daitezen— ikaragarria da, eta goraipatu egin nahi dut: lau hilabetean harrerako familiak lortzeaz arduratzen dira, eta horretarako mota askotako jarduerak egiten dituzte, esaterako hitzaldiak, sare sozialetako bideoak, prentsarako iritzi artikuluak. Zer esanik ez, dokumentu asko bete behar izaten dituzte burokrazia asetzeko, eta hori guztia egiten dute boluntarioek, zeinek saharar herriarekin konpromiso eredugarria duten.
Ekainean gaude, eta Oporrak Bakean egitasmoa ate joka dabil; horregatik, zure herriko igeritokian edo parkean haur sahararrak ikusten badituzu, kontuan hartu ume horien egonaldiaren atzean itzelezko lana dagoela. Hori horrela, Euskal Herriko mendebaldetik, Barakaldotik hain zuzen, Oporrak Bakean egitasmoa ahalbidetzen duten elkargoei eskertu nahi diet beren konpromisoa borroka honekin. Egunen batean gure lagunek askatasuna lortuko dute, eta, horren ondorioz, Oporrak Bakean programa bukatutzat emango dugu; bien bitartean, lanean jarraitu behar dugu, ez dago besterik.