Osasun agintarientzako gutun irekia

Alesander Elosegi Mendizabal
2025eko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire izena Alesander Elosegi Mendizabal da, eta duela hamar urte arte mediku nefrologoa izan nintzen Donostia ospitalean. Beraz, bete-betean jasan behar izan nuen duela 30 urte Rosa Zarraren heriotza, Ertzaintzaren pilotakada baten ondoren; naturaltzat jo zuten gezur ikaragarria.

Duela hilabete gutxi, zorionez, Eusko Jaurlaritzak aitortu du heriotza 1995eko ekainaren 22an jasandako Ertzaintzaren pilotakadaren ondorioz gertatu zela, zeina hil baino zortzi egun lehenago izan zen.

Hori oso kontsolamendu garrantzitsua izan da familiarentzat, agerikoa zena onartzea, 30 urteren ondoren! Hala ere, minduta daude, inork ez duelako barkamenik eskatu gertatutako guztiagatik. Horrekin guztiarekin lotuta, uste dut gertatutakoaren errudunak bilatzerakoan bi talde daudela: garai hartan asmatu zuten gezur izugarria sinetsi nahi izan zutenak, eta, bertsio hori guztiz faltsua zela jakinda ere, arazorik ez izateko isildu zirenak.

Lehenengoen artean, garai hartan Eusko Jaurlaritzan boterean zeuden talde politikoak daude (gogora ditzagun, hemeroteka kontsultatuz, Herrizaingo sailburu Atutxa jaunaren adierazpen nazkagarriak), segurtasun kideak berak, gaiari jaramonik egin ez zioten hainbat komunikabide, eta, are larriagoa dena, auzian esku hartu zuten orduko epailetzako elementuak (hemen, agian, oso izen zehatza duen delitu larri bat egin zela esan genezake…).

Bigarrenen artean, mediku askok isiltasuna aukeratu zuten, gertatutakoa eta Rosaren pilotakadaren eta heriotzaren arteko harremana zein zen jakinda ere, koldarkeria hutsagatik eta arazoak saihesteko.

Hemen, mediku naizen aldetik, badut esateko zerbait: nazkagarria da halako harrapaketaren aurrean isilik egotea. Medikuaren kode etikoak portaera mota hori debekatzen du. Ospitaleko nefrologoei zuzenduta dago gutun hau, bereziki, Rosaren aurretiko osasun egoera ondo ezagutzen baitzuten. Isilik geratu ziren, eta hori aurreikusteko modukoa zen. Ezagutzen zituzten defendatzen zituzten interesak, eta gertaeraren aurretik eta ondoren nirekin erakutsitako jarrera (ez du merezi haien portaera nazkagarria gehiago zehaztea). Ez dut ezer espero haiengandik… Baina, bai, uste dut barkamena eskatzeko exijitu behar zaiola ospitaleko zuzendaritzari, isilik egon baitzen denbora horretan guztian, eta, nola ez, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoari ere bai. Izan ere, interesatu zaionean, medikuen sektore jakin baten interesak defendatzera atera da, baina, hizpide dugunaren moduko kasu izugarri batean, isilean gorde da.

Tira, espero dezagun norbaitek gai honetan izan duen jarreraz hausnartzea. Familiak eskertuko luke. Aurtengo ekainaren 29an, Rosari egindako omenaldian, familiak Atutxa jaunari eskatu zion orduko gertakarietan izandako erantzukizuna bere gain hartzea, eta barkamena eskatzea. Familia haren erantzun baten zain dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.