Alegia

Renfe eta Lottu

Marijo Murillo Arizmendi
2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilaren 22a autorik gabeko eguna omen zen, eta, horrekin batera, hedabideetan irakurri eta entzun ahal izan genuen Bizkaian Lottu izenpeko lehenengo trena martxan jarriko zela, probetan bazen ere. Eta amorruari eutsi ezin izateak bultzatu nau idatzi hau egin eta bidaltzera. Amorru hori dator C1 aldirietako linearen erabiltzaileok pairatzen dugun egoerarengatik. Eta egoera hori hasi zen abiadura handiko trenaren lanei ekitearekin batera.

Labur adierazten saiatuko naiz. Egunero arazoak izaten dira trenetan, tren guztietan; tren gutxiago dago. Bidaiak askoz luzeagoak dira (lehen 35 minutuan egiten zen bidaia orain 50 minutuan egiten da, Alegia eta Donostiaren artean, hain zuzen). Hori, gainera, trena baldin badator, askotan bertan behera gelditzen direlako arazo teknikoengatik edota ordena publikoaren arazoengatik. Hori dela eta, aurreko trena hartzera behartuta egoten gara lanera edo ikastera garaiz iritsiko bagara. Baina horrek ez du ezer bermatzen: egun horretan, agian, arazoak aurreko trenak izango baititu. Horrela, egunero.

Horretaz gain, trenak motzak dira, bandalizatuak daude, arrastaka iristen dira, jendeak erretzen du (bai, erre egiten du), zinpekoek beldurra ematen dute. Euskararen ezezagutza ez aipatzeagatik, noski. Bueno, eta trenetik autobuserako aldaketak zenbait herritan...

Horren guztiaren ondorioz, C1 lineak, Noticias de Gipuzkoa egunkarian azaldu zenaren arabera, 800.000 bidaiari galdu ditu. Baina, zoritxarrez, batzuok garraio publikoa (Renfe edo Lottu) erabili behar eta nahi dugunez, egoera hori salatu nahi dugu. Gipuzkoan, Euskotren oso ondo ibiltzen omen da: maiztasuna, seriotasuna, geltoki berriak eta egokituak... Guk zergatik dugu zerbitzu hori? Zergatik gara bigarren mailako herritarrak? 

Egoerak sortutako kexengatik G007 autobusa martxan jarri zen. Baina, hori ustekabea! Herri txikietan ez da gelditzen: beraz, hirugarren mailako herritar bihurtu gara. Bestalde, Alegiatik Tolosara joateko dauzkagun autobusen ordutegia trenaren ordutegiarekin bat datorrenez, aukeratu behar izaten dugu, eta horrek murrizten du bata ala bestea erabili ahal izatea.

Renfek jakin badaki, eta bost axola zaionez, Gipuzkoako Diputaziori edo Jaurlaritzari (zorioneko Lottu horren arduradunei) eskatu nahi diet egoerari konponbidea lehenbailehen eman diezaiotela, horrek guztiak sekulako estresa eta antsietatea sortzen duelako guregan. 

Aipatutakoak argi uzten du hirugarren mailako herritarrak garela eta askoz garrantzi handiagoa ematen zaiola turismoari, bertakoen bizi-kalitatea bermatzeari baino. Konponbidea zuen esku dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA