Orain arte, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 6.000 laguni baino gehiagori aitortu diete torturaren biktima izan zirela. Plazaratutako txostenen arabera, ohikoa izan da tortura, eta Guardia Zibilak, Polizia Armatuak, Polizia Nazionalak, Ertzaintzak eta udaltzaingo batzuek erabili dute.
Biktima horietako asko epaitu eta zigortu egin zituzten, bai Ordena Publikoko Auzitegian eta bai haren ondorengo Espainiako Auzitegi Kolonialean, torturen bidez lortutako froga, lekukotasun eta adierazpenak erabiliz horretarako, nahiz eta erabat deusezak diren torturetan oinarritutako kondenak.
Zenbait erakundek, elkartek (haietako batzuk, diru publikoz babestuak) eta pertsonak (pertsona publiko batzuk ere tartean) ontzat jotzen dituzte halako epaiak, eta babestu egiten dituzte halakoen edukia eta ondorioak; beraz, baieztatzen dute kondenatuek egin egin dutela epaiek dioten hori. Batzuek, gainera, eskatzen dute kondenatuei beren eskubideak kentzeko, baita epaian jaso baino gehiago kendu ere.
Jakin beharra daukagu halako epaiak sostengatu eta ontzat jotzen dituztenak tortura zuritzen ari direla, eta torturaren konplizeak direla.
Euskal Herrian askok eta askok badaki sistematikoki torturatu dela eta ofizialki aitortu baino jende gehiagori eragin diola torturak; izan ere, Euskal Herrian bizi garen guztiok ezagutu dugu eta ezagutzen dugu tortura pairatu duen norbait.
Biktima horiek, orain arte aitortutakoak gutxienez, subjektu eskubidedunak dira, eta ezin zaie jazarri, ezin zaie irainik eta laidorik egin; haiei jazarri, irain egin eta laido egiten dietenek delitu bat egiten dute.
Ordena Publikoko Auzitegiaren (TOP) eta Auzitegi Nazionalaren sententziak berriz aztertzen ari dira, baita Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak berretsitakoak ere.
Kontuan hartu behar dugu ezen, Europako jurisdikzioan epai horietakoren bat aztertu duten gehienetan, kondenatu egin dituztela Espainiako Erresumako organo judizialak, eta haiek emandako epaiak baliogabetu.
Laburbildurik, torturaren biktimei jazarri, irain egin eta laido egiten dienak, biktima horiek gizartetik baztertu nahi dituenak, biktima horien eskubideen aldeko elkarteak kriminalizatzen dituenak zuritu egiten du tortura, eta, beraz, torturaren konplizea da.
Erredakzioan itzulia