Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida herri libreen aldeko «oihu erraldoia» izatera deitu dute

Azaroaren 15ean Bilbon egingo den martxaren aldeko lehen atxikimenduak aurkeztu dituzte, eta bertan ageri dira, besteak beste, Gaizka Garitano, Jesus Mari Zamora, Ainhoa Tirapu, Oier Sanjurjo eta Arritxu Iribar.

Azaroaren 15eko martxa babestu duten kirol munduko pertsonetako batzuk, gaurko agerraldian. JON URBE / FOKU
Azaroaren 15eko martxa babestu duten kirol munduko pertsonetako batzuk, gaurko agerraldian. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko azaroaren 1a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal selekzioa-Palestina futbol partida eta haren aurretik antolatu den martxa genozidioaren aurkako eta herri libreen aldeko «oihu erraldoia» izatea nahi dute Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina elkarteek. Halaber, nabarmendu dute euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna ere badela, eta euskal herritar guztiak deitu dituzte azaroaren 15ean, partidaren aurretik, Bilboko Arriaga plazatik San Mamesera egingo den martxan parte hartzera: «Mundu osoari bidalitako bake eta elkartasun mezua izatea nahi dugu».

Donostiako Anoeta estadioaren aurrean egin dute agerraldia, gaur, eta Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohiak eta Arritxu Iribar kirol kazetariak irakurri dute agiria. Martxaren alde bildu dituzten kirol munduko 200 atxikimenduetako bi dira haienak. Zerrendan ageri dira, besteak beste, Gaizka Garitano Cadizeko entrenatzailea; Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohia; Ainhoa Tirapu eta Eva Ferreira Athleticeko jokalari ohiak; Oier Sanjurjo Osasunako jokalari ohia eta Nafarroako Ikastolen elkarteko presidentea; Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalaria; Joxe Mari Mitxelena Euskadiko pilota federazioko presidentea; Xabier Usabiaga eta Xabier Euzkitze kirol esatariak; eta Isuntza, Getaria eta Hibaika arraun taldeak.

Sinatzaileek adierazi dute bat egiten dutela Herri libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean azaroaren 15ean Bilbon egingo den martxarekin, eta espero dutela Palestinako herriak pairatzen duen genozidioaren aurkako «oihu erraldoia» izatea. Nabarmendu dute munduko herriak genozidioaren aurka agertu direla, eta behar adina alditan oihukatuko dutela «Genozidioa stop».

Baita ofizialtasuna ere

«Herri libreak» nahi dituztela aldarrikatu dute, eta pertsona guztien eskubideak bermatuko diren mundu bat nahi dutela ere bai. Horregatik uste dute hala Euskal Herriak nola Palestinak «askatasunez bizitzeko» eta beren etorkizuna «demokratikoki erabakitzeko» eskubidea dutela. Bide horretan kirola «elkartasun tresna» oso eraginkorra izan daitekeela iritzi diote, eta haren berezko balioak goratu dituzte: «topagunea da, eta bizipenak partekatzeko eremua».

Sinatzaileek gogoratu dute euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko ekitaldi bat ere badela, eta Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea duela nazioartean modu ofizialean lehiatzeko: «Dei egiten dugu hainbat eremutan egindako urratsak futbolean eta gainerako kiroletan ere egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.