Gernika-Palestina herri mugimendua oso gustura dago ikusita Palestinaren aldeko mobilizazio jendetsuek zer-nolako oihartzuna izan zuten Espainiako Vueltako atzoko etapan. «Bilbon eta Bizkaiko herri askotan gertatutakoa oso ontzat jotzen dugu», esan du Ibon Meñika plataformako bozeramaileak.
Gernika-Palestina herri mugimenduak agerraldia egin du gaur Donostiako udaletxean, eta hartako kideek iritzia eman dute atzo Bilbotik igaro zen Espainiako Vueltako etapan gertatutakoari buruz. Halaber, jakinarazi dute Palestinaren aldeko 130 mobilizazio baino gehiago antolatu direla biharko.
«Argi geratu da gure herria Palestinaren ondoan dagoela», adierazi du Meñikak. Eta erantsi du elkartasun hori oso modu garbian azaldu zela atzoko txirrindularitza probaren amaieran. Izan ere, antolatzaileek bertan behera utzi zuten Bilbon amaitzekoa zen etapa Palestinaren aldeko protesta jendetsuen ondorioz, eta, hortaz, irabazlerik ez zen egon. Txirrindulariez ez, «Palestinak irabazi zuen atzoko etapa», nabarmendu dutenez.
Israel Premier Tech taldeak Espainiako Vueltan parte hartzeak harrabotsa sortu du. Hain zuzen, Palestinaren aldeko hainbat plataformak eta mugimendu sozialek salatu dutenez, «onartezina da genozidioa sustatzen ari den herrialde bateko ordezkariak normal parte hartzea lehiaketa batean».
Gernika-Palestinako kideek ohartarazi dutenez, txirrindulari talde horretako arduradunak «Israelen, hau da, estatu genozida baten enbaxadoreak dira, publikoki azaldu baitira sionismoa eta Benjamin Netanyahu —Israelgo lehen ministroa— babesten». Horregatik, «ezin dugu onartu genozidioa zuritzea», adierazi du Meñikak, «ezin dugu normalizatu palestinar herria desagerraraztea helburu duen estatu baten aldeko talde batek nazioarteko kirol lehiaketa batean parte hartzea».
Eltze jotzeak 130 herritan
Palestinaren aldeko oihu kolektibo horren oihartzuna isildu ez dadin, protesta zaratatsuak antolatu dituzte 130 bat herritan. Bihar izango dira, udaletxeetan, 19:00etan, eta eltze jotzeak izango direnez, herritarrei dei egin diete «etxetik lapikoak eta zarata ateratzen duten tresnak eramateko». Meñikak jakinarazi duenez, alderdi politiko gehienen babesa jaso dute, hala nola EH Bildu, PSE, Sumar, Podemos, Ezker Anitza eta Geroa Bai alderdiena. Sindikatu nagusiek ere bat egin dute deialdiekin.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak gaurko deitu du Palestinaren aldeko beste elkarretaratze batera. 19:00etan izango da, Bilboko Arriaga plazan; plataformako kideen arabera, helburua da «protestetan atxilotutakoei eta zauritutakoei» babesa azaltzea, eta «Israelen eta haren konplizeen aurkako borroka areagotzea». Gainera, gaitzetsi egin dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak «Palestinaren aldeko ekintzak kriminalizatzea». Zupiriaren esanetan, «segurtasunaren eta elkarbizitzaren aurkako jarrerak» izan ziren, eta «etapa amaiera jokatu ez izana ez da albiste ona». Berdintsu mintzatu da gaur goizean Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria RNE irratian emandako elkarrizketan: «Protesta egin daiteke segurtasuna arriskuan jarri gabe. Gertatutakoa ez zen atsegina izan, eta emandako irudia ez zen ona izan».
Aburto: «Min itzela eragiten dit»
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak irmoago hitz egin du protestarien aurka, adierazi baitu jazotakoak sakon mindu duela: «Hedabideetan etengabe agertzen ari den irudia ikusteak min itzela eragiten dit». Bilbon atzo egindako protestak, Aburtoren hitzetan, «gizalegearen kontrakoak eta zuhurtziarik gabeak» dira, eta zalantza adierazi du horien helburua Palestinari elkartasuna adieraztea ote zen. Oposizioan dauden taldeei dei egin die gertaerak gaitzets ditzaten, «bereziki beti isiltzen direnek, harria bota eta eskua ezkutatzen duten horiek».
Gaitzespena ez, justu kontrakoa adierazi du EAEko Podemosek. Alderdiak ohar batean gaur jakinarazi duenez, «euskal gizartearen garaipen handitzat» dauka «herritarrek Gazan gertatzen ari den genozidioari eman zioten erantzuna». Podemosen hitzetan, Vueltako Bilboko etapan argi geratu zen «euskal herritarrek modu masiboan planto egin ziotela genozidio baten zuritzeari».
Hiru atxilotuak, aske
Aske utzi dituzte atzoko protestetan atxilotutako hiru pertsonak. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hirurak epaileak deitu zain geratu dira. Protesta horietan beste bost pertsona identifikatu zituzten, eta lau ertzain zauritu.
Israel taldeak, hala ere, tinko eutsi dio bere jarrerari, eta, protestak egon arren, ez du lasterketa utziko. Horren inguruan, Kiko Garciak, Vueltako zuzendari teknikoak, adierazi du gutxi dutela egiteko: «Denen artean konponbide bat topatu behar dugu. Nire ustez, oraintxe bertan bakarra dago: Israelek bere kabuz erabakitzea Espainiako Vuelta uztea. Hemen egonda, ez du gainontzekoen segurtasuna bermatzen. Baina guk ezin dugu erabaki hori hartu».