Arrauna

Donostiarra, San Juan, Santurtzi eta Chapela maila gorenean arituko dira datorren sasoian

Kanporaketako bigarren jardunaldian atzoko ontzi berberak nagusitu dira. Zarautz, ETE ligako txapelduna, saririk gabe geratu da, eta Kaikuk agur esan dio Eusko Label ligari.

SAN JUAN
San Juaneko neskak igoera ospatzen, gaur, Portugaleten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 21a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiarra eta San Juan emakumezkoetan, eta Santurtzi eta Chapela gizonezkoetan. Lau talde horiek maila gorenean arituko dira 2026. urteko denboraldian. Gaur jokatu dute Portugaleten (Bizkaia) igotzeko kanporaketako bigarren jardunaldia, eta atzoko ontzi berberak izan dira indartsuenak erlojupekoan. Donostiarrak Euskotren ligan segituko du, San Juan elitera itzuliko da, Santurtzik eutsi egingo dio Eusko Label ligan duen postuari, eta lehen mailan arituko da lehen aldiz Chapela.

Atzo, Bermeon (Bizkaia), Donostiarra eta San Juan izan ziren ontzirik azkarrenak, eta gaur ere hala izan dira Portugaleten (Bizkaia), hurrenkera aldatuta. Saririk gabe geratu da Zarautz, ETE ligako txapelduna.

Zarautzek sailkapena iraul zezakeela zirudien ziabogan. Barruan zuten guztia ematera atera dira Enbatako neskak, eta denborarik onena egin dute ziabogan, San Juanekin berdinduta, Donostiarra bi segundora zutela. Itzulerako luzea, ordea, luze egin zaie: ikuskizuna eman du San Juanek, eta paladaz palada handitu du Zarautzekiko tartea. Donostiarrak, berriz, eutsi egin die Pasaiakoei.

SANTURTZI
Santurtziko mutilak lanean, gaur, Portugaleten. ARITZ LOIOLA / FOKU

Asteburu erabakigarrian beraz, itsasoan zein ibaian, agerian geratu da zeintzuk diren ontzirik indartsuenak: Donostiarra ―Euskotren ligan segituko du― eta San Juan ―gorenera itzuliko da―. Zarautzentzat, berriz, gogorra izan da sasoiaren amaiera: akats baten ondorioz Kontxako estropadatik kanpo geratu ostean, ezin izan dute euren bertsiorik onena erakutsi igoerako kanporaketan.

Atzetik izan dituzte Galiziako bi ontziak: asteburuko bi estropadetan laugarren izan da Chapela, eta bosgarren Tiran. Euskotren ligako azken postuan amaitu zuena, berriz, Hondarribia, zuzenean jaitsi zen mailaz.

Ezustekorik ez

Gizonezkoetan ere ez da ezustekorik izan: Santurtzi zen faboritoa, eta bi jardunaldietan erakutsi du zergatik. Nagusitasunez irabazi ditu biak. Gertu izan du asteburuko garaile handia, Chapela, lehen aldiz Eusko Label ligan arituko den trainerua. Cabo da Cruz historikoa mailaz jaitsi da aurten, baina Galiziak lehen mailan bi ordezkari izango ditu datorren sasoian ere.

Atzo uste baino maila apalagoan aritu zena Kaiku izan zen, eta gaur erritmo bizian ekin dio lanari Sestaoko ontziak. Lehen bi ziabogetan Santurtziren denbora berak markatu ditu, Chapela lau segundo atzetik zutela. Estropadaren bigarren zatian, ordea, ezin izan dio joari eutsi Bizkaitarrak, azken luzea zazpi segundo bizkorrago egin du Chapelak, eta bost segundo azkarrago amaitu ditu lanak.

Santurtzik Eusko Ligan jarraituko du; beraz, Chapela izango du lehiakide, eta KAE ligan jokatuko du Kaikuk. Arkote eta Tiran izan dira laugarren eta bosgarren gaur. Poza batzuentzat, tristura besteentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.