Orio jaun eta jabe izan da aurtengo arraun denboraldian. Liga matematikoki erabakita utzi zuen bi jardunaldiren faltan, pasa den astean Kontxako bandera astindu zuen, atzo banderen marka ezarri zuen Bermeon (Bizkaia), eta, hori guztia irabazi eta gero, sasoiko azken estropadan ere gailendu egin da gaur, Portugaleten (Bizkaia). Eusko Label ligan aurten eskuratu duen hamaseigarren bandera da, eta hori izango da aurrerantzean gainditu beharreko marka.
Zierbena izan da Orio izerdia botatzera behartu duen ontzi bakarra. Bizkaitarrak aurretik heldu dira lehen bi ziabogetara, baina hirugarren luze bikaina egin eta aurrea hartu du Oriok. Azken luzean estutu da aldea, baina San Nikolasek eutsi dio lehen postuari. Bi segundo eta erdi gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko.
Ikusi gehiago
Hirugarren izan da lehen txandako garailea, Getaria, zeinak bikain amaitu duen denboraldia, eta laugarren Hondarribia. Egiari zor, gaur kaleen arteko diferentzia ere nabarmena izan da: hiru eta lau kaleetatik aritu dira lehen lau postuetan sailkatu diren ontziak. Era batera edo bestera, historiarako marka utzi du Oriok: hamasei bandera denboraldi bakarrean. Ea norbait gainditzeko gai den.