Peio Etxeberriak jokatu egingo du lau eta erdiko txapelketako finala, igandean, Bilboko Bizkaia frontoian, Javier Zabalaren aurka. Zenozko (Nafarroa) aurrelaria medikuarenean egon da gaur arratsaldean, ezker begian duen zauria berriro azter diezaion, eta medikuak esan dio osatu egin zaiola. Hala, jokatu egingo du finala.
Etxeberriak eta Zabalak joan den asteartean aukeratu behar zituzten finalerako pilotak, baina bezperan jakin zen bi egunez atzeratu zela aukeraketa, Etxeberriak mina baitzuen ezker begian. Ostegunean aukeratu zituzten pilotak, eta hori egin ondoren aurrelari nafarrak esan zuen lesioak hobera egin arren, «lauso» ikusten zuela oraindik, eta ez zekiela finala jokatu ahal izango zuen. Hala ere, prentsaurrekoa eman ondoren proba bat egin zuen frontoian bertan. Hori egiteko, babes lente bat jarri zuen begian, eta Aspeko ordezkarien arabera, proba «ondo» atera zen.
Azken orduan Etxeberriak edo Zabalak ez balute jokatuko, Ander Murua ariko litzateke finalean, Jokin Altunari ebakuntza bat egin baitiote gaur sudurrean, hobeto arnas egiteko, eta ezin baitu jokatu. Â