Txartel gorria genozidioari

Euskal selekzioak eta Palestinak gaur jokatuko dute, eta San Mames bete egingo da. Bildutako dirua Palestinara bidaliko dute, han osasun laguntza emateko.

Euskal selekzioa - Palestina
Aihen Muñoz euskal selekzioko jokalaria, Mikel Labaka euskal selekzioko bigarren hautatzailea, Ihab Abu Jazar Palestinako selekzioko hautatzailea eta Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalaria, atzo, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Urrestarazu - Ainara Arratibel Gascon
2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal selekzioak ofizial izan nahi du. Lagunarteko partidak urrats txiki bat baino ez dira bide horretan. Baina gaur San Mamesen Palestinaren aurka jokatuko duena (20:30, ETB1) ez da lagunarteko partida hutsa izango. Ez da futbol partida arrunta izango. Palestina jasaten ari den genozidioaren aurkako eta bakearen aldeko aldarri bat izango da. Mikel Labakak, euskal selekzioko bigarren hautatzaileak, hala azaldu zuen atzo, partidaren aurkezpenean: «Kosta egiten zait futbolaz hitz egitea. Fokua batez ere palestinarrentzat da. Partida honek zentzua badauka, haiengatik dauka», nabarmendu zuen. Txartel gorria aterako diote genozidioari. 

Partida 20:30ean hasiko da, baina, komeni da 20:00etarako estadioan egotea, partida aurretik izango diren ekintzetan parte hartzeko. Besteak beste, Eñaut Elorrietak, Izarok eta Sol Bandek joko dute. Mikel Laboaren Lekeitiokoak  ere entzungo da. Partida hasi aurretik minutu bateko isilunea izango da, Palestinan hil dituztenen omenez. Bestalde, atsedenaldian pilotako euskal selekzioko kideei omenaldia egingo diete. Beste hainbat sorpresa eta keinu ere izango dira partidaren aurretik eta ondoren. 

San Mames bete egingo da. 53.000 zale baino gehiago bilduko dira, eta bat egingo dute aipatutako aldarriekin. Harmailak ikurrinez eta Palestinako banderaz beteko dira. Euskal selekzioaren partida batean ez da sekula hainbeste jende bildu. Gainera, Palestinako gizonezkoen selekzioak estreinakoz jokatuko du Europan. 

San Mamesen bertan egin zuten partidaren aurkezpena. Labakak Jagoba Arrasateren ordez hitz egin zuen. Arrasatek ezin izan zuen aurkezpenean egon, Mallorcatik Euskal Herrira etortzeko hegazkinak ezin izan baitzuen lur hartu Loiun, haizetea zela eta. Ofizialtasunaren aldarria ere nabarmendu zuen Labakak, eta neurketa antolatzea «aukera ona» iruditzen zaio munduari erakusteko euskal selekzioak neurketa ofizialak joka ditzakeela: «Irudikatu nahi dugu hemen badela herri bat, zeinak kirol mapan tokirik ez duen, eta bere selekzioaren ofizialtasuna onartzen ez duten». 

Ihab Abu Jazar Palestinako hautatzaileak hildako palestinarrak oroitu zituen: «Mila kirolari palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak; horietatik 500 baino gehiago, futbolariak». Jakinarazi zuen Palestinako selekzioko laguntzaile bat ere hil zutela. Zauriengatik kirola egiteari utzi behar izan dioten kirolariak ere oroitu zituen. Euskal Herritik jaso duten babesa eskertzearekin batera, oharra ere egin zuen: «Asko sufritzen ari gara; genozidioa ez da geratu».

Jokalariek ere hartu zuten hitza. Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalariarentzat partida berezia izango da. Euskal Herrian jaio zen, eta Athleticen harrobian jokatu zuen. «Nire bizitzako momenturik hunkigarrienetako bat izango da. San Mamesen jokatzea amets bat da». 

Aihen Muñoz euskal selekzioko jokalaria ere gogotsu zegoen Realeko jokalariaren iritziz, «aukera polita» da bi gauza aldarrikatzeko: «Palestinar herriarekin elkartasuna eta euskal selekzioaren ofizialtasuna». Elkartasuna azaldu zion Palestinako herriari: «Palestinan gertatzen ari denak geratu egin behar du».

Bildutako diru guztia Palestinarako izango da. Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak kudeatuko du eta hara iristeko ardura hartuko du. Aurkezpenean izan da Nagore Eskisabel, elkarteko ordezkaria: «Dirua osasun arretarako izango da».

Jagoba Arrasatek 23 jokalari deitu ditu gaurko neurketarako. Azken unean deialditik kanpo geratu dira Borja Sainz, Ivan Martin eta Aritz Elustondo. Min hartuta daude, eta, haien ordez, Urko Izeta, Pablo Ibañez eta Jorge Herrando arituko dira.

Hainbat mobilizazio

Hainbat mobilizazio izango dira kalean: Palestinari elkartasuna adieraztekoa eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzekoa. Gernika-Palestina plataformak, Gure Esku-k eta Gu Ere Baik martxa batera deitu dute 17:30erako Arriagatik abiatuta, eta manifestu bat zabaldu zuten deialdi horrekin batera. 600 herritarren babesa jaso dute. Haien izenean, Oihana Azkorbebeitia mendiko korrikalariak hartu zuen atzo hitza: «Elkartasun partida bat izango da biharkoa, baina baita gure herriak eta gure selekzioek munduan zehar merezi eta behar duten tokia aldarrikatzeko eguna ere».

Martxan pankarta nork eramango duen ere jakinarazi zuten: Xabier Usabiaga telebista aurkezle eta txirrindulari ohia, Agus Hernan Giza Eskubideen Behatokiko kidea, Maddalen Arzallus aurkezle eta bertsolaria, Mikel San Jose futbolari ohia, Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailea, Izortze Santin Biologian doktorea, Erkiaga bera eta Abadiñoko pilotarien eta Union Tutera taldearen ordezkaritza bana. Horiez gain, martxaren buruan joango dira Mohamed Hnini eta Nayua Jatri Aduh; Hnini Saharako Fronte Polisarioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren albokoa da, eta Jatri Aduh, Euskal Herriko saharar komunitateko kidea.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zaleen talde batzuek ere antolatu dituzte mobilizazioak. 13:00etan, Palestinako kirolariak omenduko dituzte Arriaga plazan. Hainbat euskal jokalari bertan izango dira. Ondoren, arratsaldean, kalejira egingo dute; Areatzatik abiatuko da, 18:30ean, eta San Mamesen bukatu. Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak herenegun adierazi zuen kalejiara ez zegoela Segurtasun Sailari jakinarazia. Antolatzaileek adierazi zuten Zupiria «gezurretan» ari zela. Azaldu zuten bi aldiz jakinarazi ziotela Segurtasun Sailari mobilizazioa egingo zutela. Lehen aldiz, «duela hilabete», eta orduan Zupiriaren sailak ezezkoa eman zien, «beste egitasmo batzuekin koordinatzeko zailtasunak» izango zituztelako. Bigarrena, ordea, herenegun onartu zuen. Atzo hala berretsi zuten. «Zupiriak eten egin behar du kriminalizazio kanpaina hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.