Uda honetan ziurtzat zerbait jo baldin badaiteke, Sabino Ormazabal giza eskubideen aldeko militantearen, Oihane Mateos EITBko kazetariaren eta Alvaro Ledesma errementari eta artistaren heriotzak haien senideen, lagunen eta gertukoengan eragin duen hutsunea eta samina da. Ustekabean hil dira, eta bakoitzak, bere aldetik zein modu kolektiboan, askotariko lanak egin zituen.
Ormazabalek, egin zituen lan guztien artean, gidoilari lanak bete zituen bi dokumental esanguratsutan: 2012. urtean, Ziztadak dokumentala idatzi zuen, Euskal Herriko desobedientzia zibilari eta ekintza zuzen ez bortitzari buruzko lana —Vimeon ikus daiteke—. Gidoilari aritu ere aritu zen, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalean. Bertha Gaztelumendi zuzendariak BERRIAn kontatu zuenez, Ormazabalena izan zen filma egiteko ideia. Memoria argitsua da dokumentala. Argia-ren Multimedia kanalean ikus daiteke, doan.
Mateosek EITB taldean egin zuen bere kazetaritza ibilbidearen parterik luzeena. Baina gazterik Localia Gipuzkoa tokiko katean ere aritu zen. Oroitzapen bat, harekin: gaueko magazin batean, platora iritsi aurretik, haren jardun atsegin eta profesionala gonbidatuak iristen ziren momentuan. Iazko ekainean, bestalde, Orain EITBren albiste zerbitzu digitala aurkezten aritu zen Bilbon. Haren gertukoek bazuten sufritzen zuen gaitzaren berri. Baina euskal herritar askorentzat ezusteko tristea izan da hain gazterik hil delako albistea jaso izana.

Pantailen artetik tartean lerro batzuk ere merezi ditu Alvaro Ledesmak, oso-oso bereziak baitziren hark egiten zituen bideoak. Videoarte izenburupean, artistaren webgunearen sail batean ikus daitezke lan horiek. Dozena bat lan dira, sailkatzen zailak. Artistaren webgunean aurkituko ditu bisitariak errementari sortzaileak egin zituen bestelako artelan bitxi ugari ere.
Euskarazko komunikabideek errespetuz eta begirunez eman dute Ormazabalen, Mateosen eta Ledesmaren heriotzen berri. Hala behar du. Hala izan ohi da euskarazko hedabideetan beti.
Aldiz, beste eremu urrunago batean, Ebro ibaitik behera, Espainiako telebista eta komunikabide batzuek horikeriaz eta sentsazionalismoz bete dituzte pertsonaia publiko baten heriotzaren osteko minutuak eta lerroburu asko. Kartomagian maisu, kamera aurrean umore handiz jarduten zuen Juan Tamariz Madrilgo artista hil zen abuztuaren 18an, 83 urte zituela. Eta hurrengo egunetan, Espainiako hedabide batzuk hildakoaren alargunaren eta seme-alaben arteko xextrak zabaltzen aritu dira, horietan katramilatzen. Errespetuaren aurretik sentsazionalismo merkea lehenetsiz. Horikeriari lehentasuna emanez.Â
Hortaz, distantziak distantzia, euskal komunikazio esparruak ez du horikeriari eskainitako komunikabiderik edo zerbitzu digitalik behar. Behar izatekotan, errepublika independente bat behar du Euskal Herriak. Abiadura handiko trenaren lanak —hortxe dago Iñaki Petxarromanen kazetaritza lanen sorta— amaitu baino lehen bada, hobe.
'Harun Farocki efektua'
Ikus-entzunezkoen bueltako bi erakusketa ikus daitezke egunotan Donostian. Batetik, Tabakalera zentroan, Egin dantza inor begira ez balego bezala instalazioan murgildu daiteke bisitaria, urriaren 12ra arte. Oliver Laxe Galiziako zinemagilearena da —Sirat filmarekin lotua—, eta ez dago gaizki; dantza egitea beti da osasungarria.Â

Beste gauza bat da, bai, hori esango du edonork, baina Tabakalerakoa baino dezente interesgarri eta mamitsuagoa da Kutxa Fundazioak Kursaalean jarritako Harun Farocki efektua erakusketa. Kultuko egilea izan zen Harun Farocki (Novi Jicyn, Txekoslovakia, 1944-Berlin, 2014). Proiekzio aretoetatik museoetara eraman zituen bere ikus-entzunezko lanak. Izaera kritikoa, saiakerazkoa eta gogoetatsua zen harena. Uda honetan, bisitariei ere ematen die gogoetarako bidea —bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz egiten dituzte, larunbat arratsaldeetan—. Herritarra sentipen bereziekin irteten da erakusketatik.
Datorren ostegunean, irailak 10, Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleek erakusketaren artxiborako egindako ikerketa, katalogazio eta hautaketa prozesuak azalduko dituzte, erakusketaren komisarioekin batera. Kubo aretoan izango da, 18:30ean. Erakusketa ikusteko azken eguna irailaren 26a izango da.