urtzi urkizu
Pantailen artetik

Eta, batez ere, 'Piztiak'

2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marc Giro aurkezle katalana zaldi zuri batean iritsi zen astearte gauean La Sexta kateko bere saio berrira. Zaldi zuriaren gainean, baina kasu honetan heroinarekin suntsitzen zuten beren burua Trainspotting filmeko (Danny Boyle, 1996) protagonistek. Irvine Welsh idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu zen film hura, eta haren pentsamendua eta bizitza ezagutzeko aukera polita ematen du Reality Is Not Enough dokumentalak (Paul Sng, 2025). Eskoziako independentziaren aldekoa zergatik den azaltzen du Welshek, eta hitz mamitsu ugari jaurti ere bai. Tartean, honako hauek: «Thatcherismoa gorantz zihoan, eta reaganismoa ere bai AEBetan. 1980ko hamarkadan erabaki batzuk hartu genituen... ordutik izorratu egin gaituztenak. Bizkarra eman genion sozialdemokraziaren ideia jakin bati. Bitxia da ezkerreko jendea eskuinekoa bezain engainatuta dagoela ikustea. Ikusten baduzu langile mugimendu antolatuaren suntsiketa, orain ez dago kapitalaren aurrean inolako kontrapisurik. Dagoen bakarra da kapitala bridarik gabe bere burua irensten». Welshen arabera, «garai interesgarriak» dira idazle batentzat, baina ez gizakiarentzat. 

Irvine Welsh Reality Is Not Enough dokumentalean
Irvine Welsh Eskoziako idazlea, Reality Is Not Enough dokumentalean. FILMIN

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Filmin plataformak liburuen bueltako bilduma bat osatzen du urtero. Han aurki daiteke Welshi buruzko dokumentala. Bilduma berean dago, baita ere, iazko Donostiako Zinemaldian lehiatu zen Franz Kafka filma. Liburu bat eta arrosa bat oparitzen dituzte Sant Jordi egunean. Eta prentsa katalanarentzat efemeride berezi bat dena ere ospatu dute aurten apirilaren 23an: 50 urte bete ziren ostegunean diktadura osteko katalanezko lehen egunkariak, Avui-k, lehen zenbakia argitaratu zuenetik. 2009ko azaroan bat egin zuten Avui eta El Punt egunkariek, eta El Punt Avui da orain kazeta. Duela 50 urteko apirilaren 23 hartan beste zerbait ere gertatu zen: Ramones AEBetako musika taldeak bere lehen diskoa argitaratu zuen. «Hey, ho, let's go...», zioten Blitzkrieg Bop kanta arrakastatsuan.

Pantailen artetik tarteko lerro hauek 2026ko apirilaren 23ra bideratzeko unea heldu da, tira. Ikus-entzunezkoekin lotutako zenbait kontu mamitsu iritsi baitira egun berean. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren irekieran, Annemarie Jacir zuzendariaren Palestine 36 filma eman zuten Viktoria Eugenian. Historian 90 urte atzera egin, eta pelikula interesgarri bezain indartsua ondu du zinemagile palestinarrak. Etzi, jaialdi berean, Lander Garrok Lutxi eta zuhaitza dokumentala aurkeztuko du.

Palestine 36 filma
Palestine 36 filmaren irudi bat. DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIAK UTZITAKOA

Egun berean jakin zen EHUren udako ikastaroetako bat euskal zinemaren inguruan egingo dutela. Josu Martinez eta Samara Velte EHUko ikerlariek antolatu dute, ekainaren 18 eta 19rako, Aupa Etxebestetik Maspalomasera: euskal zinemak 20 urte (2005-2025) izenburupean.

Eta Sant Jordi egunean, Bilbon, Euskal Herriko ikus-entzunezko 150 profesionalek zinemaren akademia bat sortzea erabaki zuten.

Euskarazko telesail desberdin bat

Liburuaren Nazioarteko Egunean bertan, Warner Bros Discovery konpainiako akziodunek aldeko botoa eman zioten 94.970 milioi euroren truke Paramount Skydancerekin bat egiteari. Netflixek, berriz, Stranger Things: Tales From '85 animaziozko telesaila estreinatu zuen; eta, Movistar Plusek, Yo siempre a veces. Plataforma horretan, bestalde, Damiel Domenjo kontseilari ordezkaria kargutik kendu zuten egun berean —hamahiru hilabete baino ez du iraun ardura horretan—.

Baina apirilaren 23an batez ere azpimarratu behar dena da EITB taldeko Primeran plataforma digitalak telesail oso berezi bat estreinatu zuela: Piztiak. Mimo handiz egindako fikzioa dela nabari da, gidoiek badutela zentzua eta kohesioa, efektu bereziak oso egoki josten direla istorioarekin, eta aktoreekin ere lan ederra egin dutela Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek. Ezusteko ederra izan da Piztiak. Ea epe laburrean Gaztañagak eta Rodriguezek beste telesail bat filmatzeko modua duten. Aurrekontu handiagoarekin bada, hobe.

Piztiak telesailaren trailerra.

Egunotan argitaratu dute, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hiru milioi euro jarriko dituela telesailen ekoizpenean. «Euskaraz sortutako ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa» izan dadin lagunduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA