Aurreko batean, Jon Maiak kontraesanen inguruko txio zintzo bat jaurti zuen. Funtsean esaten zuen inor ez dela kontraesanez libro. Arrazoi du.
Hala ere, zerbitzu publiko batzuen kontraesanak lerrootara ekartzeko modukoak dira. EITBk bat egin du Euskaraldiarekin. Talde publikoak agerraldia egin zuen maiatzaren 8an, eta Euskaraldiko egunetarako prestatuak zituen eduki batzuk plazaratu. Arazorik ez.
Kontua da iritsi dela Euskaraldia. Eta, noski, ETB2 katearen programazioak belarrimotz jarraitu duela, belarriprest izan ordez —ETB4renak ere berdin—. Programazioa gaztelaniaz egin dute, lehen bezala. ETBk Euskaraldiko egunetan eman dituen atzerriko film eta telesail guztiak gaztelaniara bikoiztuta zeuden. Albisteak, Cervantesen hizkuntzan. Radio Euskadin ere gauza bera. Keinu txikiren batek ez du errealitatea ezkutatzen. Eta EITBren Bilboko egoitzako fatxadan, El Conquistador del fin del Mundo gaztelaniazko saioaren iragarkia daukate oraindik. Ez euskarazko saioren batena: Euskaraldiko egunetan ere ez.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, EH Bilduren galderei erantzunez, «euskara first» leloa jaurti zuen ahots gora martxoaren 26an, Eusko Legebiltzarrean, gaztelaniaz ari zela. Hitzaldi berean, euskaraz ez dakiten EITBko hiru zuzendarien inguruan galdetuta, hau esan zuen: «C1 maila eskatzea mesedegarri izan daiteke EITB barruan euskara erabiltzeko. Baina oztopo ere bai. Langileek euskararen ezagutza osoa izan behar dute, eskatu behar da, baina postu batzuetan komenigarria da, ez ezinbestekoa». Euskara first ala euskara oztopo?
Asteartean, EITBko administrazio kontseiluko bilera egingo dute. Eta kontseilu horretan, nor da sindikatuetako ordezkari bakarra? Euskaraz ez dakien UGTko ordezkari bat. Harentzat, euskara first ala euskara oztopo? ELA eta LAB sindikatuak kexu azaldu ziren EITBko administrazio kontseiluko sindikatuen ordezkaria UGTkoa delako, baina otsailaren 20an izan zen hori. Ondotik, ezer ez. EH Bildutik ere ez. Bide batez, kontseilu horretan gizonezkoak dira gizarte eragileetako ordezkari guztiak.
Primeran 'first'
Egia esatera, dena ez da txarra izan EITBn Euskaraldiko egunetan. Antton Telleriak eta Ilaski Serranok maiatzaren 18an Igeldoko atrakzio parkean aurkeztu zuten ETB1erako saio berezia fina eta hunkigarria izan zen; ETB2n azpidatziekin eman izan balute, ez zen oztopo izango inorentzat.

Bestalde, EITBren plataformetan euskarazko hiru fikzio estreinatu dituzte egunotan: Makusin, Mari, sorgin ehiztari; Primeran-en, Desagertuta; eta Guaun, Ahalaken.
Desagertuta telesailari buruzko iritzia eman du Gaizka Izagirrek. Igandetako tarte honetako iritzia aurrerago plazaratuko da, atal guztiak estreinatu ostean.
#Desagertuta seriearen euskarazko jatorrizko bertsioa ez da #Netflix|era iritsi, euskarazko bertsioetan EITBk indarrean duen esklusibitate politika mugatzailearengatik.
— Aldatu Gidoia (@AldatuGidoia) May 22, 2025
Onartezina da euskara sustatzea eginkizuntzat duten erakundeek euskarazko lanen merkaturatzeari mugak jartzea. pic.twitter.com/6Ct6XHCF9R
Hainbat euskaltzaleri, baina, beste kezka bat piztu die telesail horrek. Netflixek gaztelaniazko bertsioa estreinatu du, baina euskarazkoa ez dute jarriko plataforma horretan urrira arte, euskarazko bertsioaren esklusibotasun EITBk baitu. Netflix Euskaraz taldeak hau adierazi zuen asteazkenean: «Gaur helduko da Netflixera euskaraz ekoitzitako Desagertuta telesaila. Baina ez da euskaraz ikusi ahalko. Eskaria EITBri eta Pausokari: ez jarri mugarik euskarazko jatorrizko bertsioari! Euskarazkoa zabaltzea baita ikus-entzunezkoetan euskara normalizatzen hasteko lehen pausoa». Aldatu Gidoia mugimenduak antzeko adierazpenak egin ditu sare sozialetan, eta EITBk euskal bertsioaren esklusibotasuna izatea kritikatu.

Mari, sorgin ehiztari telesailak merezi ditu hitz batzuk, aurreneko bi atalak ikusi ostean. Datozen hilabeteetan, Asisko Urmenetaren dokumental bat eta Paul Urkijoren film bat plazaratuko dira sorginen bueltan, baina amu gisa, zer hoberik Makusiko telesail horretako sorginekin hastea baino. Elkarrizketa biziak ditu telesailak, eta ezusteko pozgarria da Nerea Sanz aktore protagonistaren lana.
Eta, bukatzeko, galdera bat: zer pentsatuko luke Pello Zabalak jakin izan balu hil ostean haren ahotsa klonatuko zutela eta soinu fikzio batean erabili? Haren senideek eta gertukoek ontzat jo dute, bederen, eta hortaz, ez dago askoz gehiago esateko. Ala bai?