urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Ez da kasu bakan bat

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal komunikazio esparruan zer garrantzitsua den Kolpez kolpe bezalako telebista saioak izatea. Hamaika telebistaren programa horrek aste gutxi barru amaituko du denboraldia, eta aurreko asteburuan emititu zuen elkarrizketa aintzat hartzekoa da. Azpimarratzekoa. «Bost egun haietako torturen zauriak ez zaizkio sendatu Iratxe Sorzabali epai honekin». Aiert Larrarte defentsa abokatua elkarrizketatu zuten Naroa Iturrik eta Ekhiñe Atorrasagastik. Espainiako Auzitegi Nazionalak maiatzean adierazi zuen Sorzabali «tratu bidegabea» eman ziola Guardia Zibilak, eta Larrartek BERRIAri azaldu zion epai batean hitz horiekin aitortzen zen lehen aldia zela. Baina Hamaikan zera ohartarazi zuen abokatuak: «Ez dut uste paradigma aldaketa dagoenik, inflexio punturik dagoenik. Ez dut uste [Espainiako] Auzitegi Nazionalak tortura aitortuko duenik».

«Sorzabalen epaiak oihartzun handia izan du komunikabideetan, eta pozgarria da», esan zuen Larrartek. «Gu saiatu gara adierazten [Sorzabalena] ez dela kasu bakan bat». Ez da, Euskal Herriak badaki hainbeste. Abokatuaren hausnarketa ez da txantxetakoa, baina: «Honek sistema bati erantzuten dio; eragile bakoitzak bere egiteko izan du, eta komunikabideek ere bai». Ondotik, ETBri begira jarri zen Larrarte: «Denok maite dugun telebista publiko honetan, Iratxe Sorzabal inkomunikatuta zegoen bitartean, guardia zibilek ostiaka atera zioten informazioa albistegietan jarri zuten. Eta ez zioten tortura salaketari inolako oihartzunik eman». Gaineratu zuen beste datu bat: «Unai Romanoren argazkia atera zenean [torturapean aurpegia ubelduta, handituta], ETBko albistegietan zortzigarren berria izan zen. Hemen intentzio bat dago». Abokatuaren galdera: «Garai hartan nor zen ETBko zuzendaria? Denek izan dute bere ardura, eta hedabideek ere bai».

'BI ARNAS'
'Bi arnas' dokumentalaren irudi bat. BERRIA

Argitu beharreko kontu asko daude torturaren gaian. «10.000 argipen behar ditugu». Eta tortura batzuk ertzainek egin zituzten, Larrartek ondo azaldu moduan. «Ertzainen 300 tortura salaketa dauzkazu, Jaurlaritza. Egingo duzu barne ikerketa bat? Galdetuko al diezu ertzainei tortura horiek zer instalazioetan egiten ziren? Ertzaintzak Israelerako bidaiak ordaindu ditu bere jendea formatzeko?». Israelgo kontu horretaz Ahoztar Zelaieta kazetariak La Ertzaintza que viene. Tecnología de hipervigilancia y capitalismo de consultoría [Badatorren Ertzaintza. Kapitalismo kontsultoria eta hiperzaintzako teknologia] liburuan eman zituen erantzun batzuk.

Infiltrazioa ere tortura al da?

Sorzabalek kamera baten aurrean kontatu zuen nola torturatu zuten 2001ean —Euskaldunon Egunkaria-n lanean zen Eneko Bidegainek eta Torturen Aurkako Taldeko kamerari Axier Aritzetak grabatu zioten elkarrizketa hura—. ETBk ez zuen bere garaian elkarrizketa hura eman, baina Bi arnas dokumentalean txertatu zuen Jon Mikel Fernandez Elorzek. Zer gertatu da dokumental horrekin? Kataluniako TV3 kateak 2023ko martxoaren 14an eman zuen. ETBk eskubideak erosi zituen, eta oihartzunik gabe iritsi zen Primeran plataformara. ETB1ek berriki eman du, maiatzaren 20an, —23:40an!—, justu Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia iritsi eta egun gutxira.

Eusko Jaurlaritzak torturaz egindako txostenean oinarrituta, Ander Iriarteren Karpeta urdinak dokumental mamitsua ere bada. Primeran-en ikus daiteke, baina ETBk ez du emititu ohiko telebistan.

Torturari buruzko ikus-entzunezko lan gehiago egin dira azkeneko urteetan. Kasurako, TV3ek iazko urtarrilean estreinatu zuen Laietana, 43. El cau de la bestia. TV3en eta La Directa-ren beste dokumental batean, Infiltrats, Pau Perez psikiatrak argi esaten du guardia zibilen eta polizien infiltrazioek nolako eragina dute haien biktimengan: «Tratu txarrak eta torturak jasan dituzte biktimek, informazioarekin loturikoak». Batez ere polizia horiekin harreman sexualak eta sentimentalak izan dituzten herritarrei buruz ari dira.

Coviteren saria La infiltrada filmari, Donostian
Covite elkarteak saria eman zion La infiltrada filmari, Donostian, maiatzaren 31n. JUAN HERRERO / EFE

Horiek horrela, Covite terrorismoaren biktimen elkarteak bere 24. Nazioarteko Saria La Infiltrada filmari eman zion aurreko asteburuan. Film hori aurki iritsiko da euskarara bikoiztuta Primeran plataformara. Eta hori gutxi balitz bezala, Beta Entertainment Spain ekoiztetxeak La Infiltrada: Doble juego izeneko reality-a egiteko asmoa du, film horretako polizien infiltrazioan oinarrituta. ETAn infiltratu zen guardia zibil baten filma ere aurten estreinatuko du Netflixek: Un fantasma en la batalla. Gertatzen ari den guztia ez da kasu bakan bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.