Maria Marcos Ramos Salamancako Unibertsitateko (Espainia) Komunikazio eta Ikus-entzunezko Sormeneko irakasleak eta Maria Pilar Rodriguez Harvard Unibertsitateko (AEB) doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak La memoria en las pantallas. El terrorismo en el cine y la televisión liburua (Memoria pantailetan. Terrorismoa zineman eta telebistan) aurkeztu zuten, Donostian, urriaren 23an. Giro goxo eta atseginean joan zen ekitaldia, Iñaki Garcia Arrizabalagak aurkeztuta.
«Terrorismo» hitza ETAren hilketekin lotu dute liburuan eta aurkezpenean. Lerrootan, BERRIAren estilo liburuari jarraikiz, ETAri buruzko filmak eta telesailak izango dira definituta. Hori da ikergaia.

Maria Pilar Rodriguezek dio ez dagoela gaiaren inguruko «behin betiko pelikularik». Haren ikerketek ondorioztatu dute ETAren inguruko begirada feminista ez dela beti hor egon. «Zorionez, aldatzen ari da hori». Memoriak «plurala» izan behar duela uste du Rodriguezek. Eta Marcos Ramosek nabarmendu du asko falta dela oraindik kontatzeko. «Istorio asko daude kontatzeko», diote biek.
Liburuan jasotako ondorioen artean, De la mitificación a la pluralidad azpiatalak (Mitifikaziotik pluralitatera) Imanol Uribe zinemagilearen filmen gaineko azterketa esanguratsua dakar. El proceso de Burgos (1979) eta Segoviako ihesa (1981) ETAko kideen «mitifikazioan» sailkatzen dituzte ikerlariek. «Días contados filmak [1994] inflexio puntu bat ezartzen du zinemagileak egindako zineman. Film horretan, pertsonaia terroristek [ETAkoak] modu zuzenagoan edo ez hain zuzenean erakusten dituzte borroka armatuaren inguruan dituzten zalantzak eta kontraesanak». Film hark Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Handik aurrera, Uriberen filmek beste bide bat hartu zuten gaiari heltzeko orduan.

Ikerlarien datuen arabera, bestalde, ETAren inguruko obren %15 baino ez dira izan emakumezkoek zuzenduak.
Biktimei dagokienez, liburuaren egileek nabarmendu dute denbora luzean «kontakizunaren marjinetan» mantendu zirela. «Baina biktimekiko bira izan da azkeneko urteetako transformaziorik esanguratsuenetakoa». Gaineratu dutenez, pantailetatik ez dira desagertu abusu polizialen, atxiloketen eta torturen salaketen gaiak.
Liburuan film, dokumental eta telesail askoren azterketak topa ditzake irakurleak. Bada hutsuneren bat edo beste; kasurako, Marcos Ramosek dio ETAren inguruan zazpi telesail egin direla. Aldiz, azterketa horretan ez du jaso ETBk 2019. urteko abenduan estreinatu zuen Ihesaldia euskarazko telesaila. Bost ataletan, 1976an Basauriko (Bizkaia) kartzelako bost presok egindako ihesaldi ahalegina kontatu zuen Pausoka ekoiztetxeak —ihesaldi saiakerako bi ziren ETAko kideak, eta espetxe barnean ETAko presoen artean elkarrizketa ugari daude—.
Aste honetan bertan
Rodriguezek dioenez, «pantailak ez dira neutralak». Hala da hori. «Beti dago begirada bat». Zalantzarik gabe. Eta liburuan goraipatu egin du, kasurako, Aitor eta Amaia Merino zuzendariek egindako Asier eta biok dokumentala.

Ari dira iristen ETArekin lotutako lan gehiago. Iritsiko direnak ez dira gutxi. Herenegun, Valladolideko (Espainia) Seminci jaialdian, Daniel Kalparsoro zinemagileak El confidente filma aurkeztu zuen —La infiltrada egin zutenak dira ekoizle eragileak—. Faisan auzia du ardatz, baina fikziora erabat eramana.
Lander Garro, bestalde, aste honetan bertan herriz herri hasi da Lutxi eta zuhaitza dokumentala aurkezten —estreinaldia Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian izan zuen, apirilaren 28an—. Datorren ostiralean Leioan (Bizkaia) emango dute, eta hurrengo asteetan Gipuzkoako Hernani, Lezo, Idiazabal, Legazpi, Oiartzun eta Errenteria herrietan izango da ikusgai; abenduan, oraingoz, Goizuetan (Nafarroa) eta Aramaion (Araba).

Luzia Urigoitia 1987an hil zuten, 28 urte zituela, Guardia Zibilak ETAren Donostia komandoa desegiteko antolatutako operazioan, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa). Hori da Garroren filmeko abiapuntua. Han entzun daiteke, besteak beste, Maider Galardi F. Agirre irakasle eta ikerlaria kontatzen guardia zibil baten gutun anonimoak —epaileari eta egunkari bati iritsi zitzaiona— zioena: «Hark kontatzen du Pasaian izan zela, operazio hartan. Eta hau dio: 'Badakit hau gertatu dela, eta badakit horrelako operazioetan parte hartzen duten poliziek eskupeko bat jasotzen dutela, jakin gabe ere diru hori nondik datorren'». Felipe Gonzalez zen orduan Espainiako Gobernuko presidente.
Begi bistakoa da, beste alde batetik, kontakizun batzuei zenbateko bedeinkazioa eta zenbat diru laguntza ematen dizkieten erakunde publikoek eta plataformek, eta nola jokatzen duten, berriz, aurrekontu txikia duten beste batzuekin.