urtzi urkizu
Pantailen artetik

Mintzo dira

2026ko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen aste, hilabete eta urteetan liburu erabilgarri eta erreferentziazkoa izango da EHUko Nor taldeko ikerlari Samara Veltek eta Josu Martinezek osatutako Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat liburua —beste ikerlari batzuek ere parte hartu dute atalak idazten—. Ur emari gardena da iturria; kasurako, 3.2.4 azpiatala: Non ikusten dira euskal filmak?. Ikerlariek jaso dutenez, identifikatu dituzten 1.267 euskarazko filmetatik ia %80 proiektatu dira jaialdiren batean. «246 emititu dira telebista kateren batean». Horietatik ia guztiak EITBn: 223. «Kanaldudek 21 film eman ditu urteotan, eta beste hemeretzi bestelako telebista kateetan erakutsi dira».

Mikel Gurrearen Heltzear film laburra Kanalduden eman zuten joan den ostegunean. Hain zuzen, Veneziako zinema jaialdian eman zuten euskarazko lehen film laburra izan zen hura —Orizzonte Sailean lehiatu zen, 2021ean—. Mugarri bat.

Bitartean, gero film laburra
Rail Barreras zinemagilearen Bitartean, gero film laburra. GEURETIK SORTUAK

Gauza jakina da ez dela erraza izaten film labur batzuetara heltzea. Programatzea ere ez, ziur aski. Horregatik, baina ez horregatik bakarrik, da garrantzitsua Geuretik Sortuak egitasmoak herriz herri duen programazioa. Hari esker, 2026ko Lau haizeetara sortako aurtengo lau film laburrak ikusi ahal dira: Ikusi makusi; Mintzo zen; Bitartean, gero; eta Aho beltza. Hilaren 20an, Arantzan (Nafarroa) emango dituzte; 22an, Ortzaizen (Nafarroa Beherea); hilaren 29an, Legorretan (Gipuzkoa) eta Lesakan (Nafarroa); abenduaren 3an, Ziortza-Bolibarren (Bizkaia); abenduaren 4an, Astigarragan (Gipuzkoa); eta abenduaren 7an, Durangoko Azokan (Bizkaia), Irudienean.

Kanaldudera ere iritsiko direla espero da, aurreko deialdikoak bezala. Olatz Ovejerok Larrabetzun (Bizkaia) filmatu zuen Ikusi makusi, hango neska-mutiko batzuekin. Haien inozentzia eta abenturarako grina ageri da batetik; eta haien izeben edo amonen oroitzapenak idazten dituzte beste une batzuetan. Txikia bezain xarmagarria.

Uxue Derecho Aho beltza film laburrean
Uxue Derecho aktorea, Aho beltza film laburrean. GEURETIK SORTUAK

Kimuak bilduman hautatu dituzte Geuretik Sortuak-eko beste bi lan: Raul Barrerasen Bitartean, gero —Baztanen (Nafarroa) filmatu zuen— eta Alba Lozanoren Aho beltza —Zumaian (Gipuzkoa) filmatua—; herenegun, Aloka(h)iru telesaila ere aurkeztu zuen. Zientzia-fikziozko lan berezia da Barrerasena, non etorkizunetik iritsi diren izaki batzuk gizakiz jantzita herritarrei galdezka hasten diren. Metazinemaren generoan koka daiteke Aho beltza, non filmaketa batean produkzio laguntzaile gazte batek bizi duen zaurgarritasuna islatzen den. Bilboko Zinebi jaialdian hautatu dute Aho beltza, eta hilaren 25ean emango dute. Uxue Derecho aktore gazteak lan bikaina egiten du Aho beltza-n, eta filmak berak bide oso polita egin dezake nazioartean.

Zoro batentzat zaukaten

Aitor eta Izaro Arrutik zuzendutakoa da aurtengo Geuretik Sortuak-eko laugarren film laburra: Mintzo zen —Lekeitioko Euskal Zine Bileran gidoi onenaren saria jaso zuten—. Proposamenak euskaltzale sentibera oro hunkituko du. Irudimen ariketa bat egiten dute fikzioaren bitartez, non ez hain urruneko Euskal Herriko herri batean bizi den azken euskalduna. «Nola mantentzen duzu bizirik inorekin hitz egin ezin duzun hizkuntza bat?», galderari gorputza Inaxio Tolosa aktoreak jartzen dio. Sinesgarri bezain trinko. Zinez zoragarria da film laburraren amaiera.

Inaxio Tolosa aktorea Mintzo zen film laburrean
Inaxio Tolosa aktorea, Mintzo zen film laburrean. GEURETIK SORTUAK

Kasualitatea izango da ala ez, baina Hamaika Telebistak izen bereko saio berri bat estreinatu du berriki: Mintzo zen. Musikari buruzko bideopodcast gisa aurkeztu dute, eta Antonio Iriartek egiten ditu gidari lanak. Asteazken gauetan ematen dute.

Eta kasualitatea izan ala ez, baina Mintzo zen film laburraren amaieran Mixel Labegueriek 1961ean sortutako Xorieri mintzo zen kanta entzuten da. Eta euskaltzale baten tokian kantatzeko eskatu zion gai jartzaileak urriaren 31n Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariari, Eibarko (Gipuzkoa) finalaurrekoan. Duela lau urteko ganbarako saioetan bezala, Labegeriren kantaren doinua Hor bide eguzkitsu bat gisa erabiliz kantatu zuen. ETB2 On kateak aurten zentzurik izan badu, txapelketako finalaurrekoak ematen izan du zentzua. Iguaranen lehen bertsoaren amaieran: «...euskara hiztunok gara/ ta euskara hain handi da/ gerturatzeko prest dauden/ guztiak kabitzen dira/ guztiak kabitzen dira/ ta euskara hain handi da».

Maddalen Arzallus Biba zuek saioko aurkezleak ere kantatu zuen atzo txapelketako finalaurrekoetan, ETB2 On katean, eta Xabier Sukiarekin esango lukeen moduan, mezu bat Lau haizeetara sortako film laburrak egin dituzten bost zinemagileei: «Biba euskara, eta biba zuek!». Eta ea ETB2 On kateak halako batean tokia egiten dien horrelako euskarazko film laburrei ere.

Ai, ene! «Xorieri mintzo zen, zoro batentzat zaukaten».

Xorieri bideoklipa

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA