urtzi urkizu
Pantailen artetik

'Mortal Kombat 2': aretoetan euskaraz

2026ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzak 'Adi! Filmak euskaraz' egitasmoa aurkeztu zuen, Bilbon. Zinema aretoetan euskarazko estreinaldiak orain halako bi izatea da Jaurlaritzaren helburua. Egitasmo horren barne, herenegun euskarara bikoiztuta ere estreinatu zuten aretoetan Simon McQuoid zinemagilearen Mortal Kombat 2 filma. Bideojoko batean dago oinarrituta, eta 18 urtetik gorako ikus-entzuleentzako da. Ez da batere ohikoa helduentzako pelikulak euskarara bikoiztuta aretoetan ikusteko aukera izatea.

Salbuespentzat jo behar den arren, halakoak gertatu izan dira; Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Zinea euskaraz egitasmoaren barruan, Ken Loachen Bread and Roses (Ogia eta arrosak) Hego Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz (ere) estreinatu zuten 2001eko otsailaren 16an; urte berean iritsi ziren Nick Gomezen Drowning Mona (Guztiek nahi zuten hila) eta Stephen Frearsen Liam. Denboran gertuago, animaziozko helduentzako film bat euskarazko audioarekin ere eman zuten Hegoaldeko aretoetan: Unicorn Wars, 2022an.

Tantaka izan dira halakoak. Edonola ere, gaur euskaraz honako areto hauetan ikusi ahalko da Mortal Kombat 2: Etxabarri Ibiñako (Gasteiz ondoan) Gorbeia aretoetan, 15:55ean; Durangoko aretoan (Bizkaia), 17:00etan; Donostiako Principen, 19:00etan; Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen aretoetan, 15:50ean; eta Iruñeko Golem La Morean, 22:30ean.

Mortal Kombat 2 filmaren trailerra, euskaraz.

Aldatu Gidoia talde euskaltzaleak sare sozialetan honako mezu hau zabaldu zuen Adi! Filmak euskaraz egitasmoa aurkeztu zenean: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu programaren aurrekontua eta banatzaile/plataformekin adostutakoaren berri emateko. Zineman euskaldunon eskubideak bermatzeko, ez dugu desitxuratzerik ez hala moduzko proposamenik onartuko».

Ken Loachen Bred and roses filma
Ken Loachen Bread and Roses filma. BERRIA

Asteazkenean, Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak datu hau gogorarazi zuen Eusko Legebiltzarrean: «Azken hamar urteetan, Katalunian 2.400 film bikoiztu dira katalanera; EAEn, 120». Batzorde berean, EH Bilduk Zineuskadiren kudeaketa «hobetzeko» legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen. Ez zen aurrera atera. EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketak, bai, aurrera egin zuen, eta honako hitz hauek gelditu dira erregistratuta: «Eusko Legebiltzarrak Zineuskadiri eskatzen dio arau-esparruaren betetze-mailari buruzko azterketa independentea egiteko behar den kontratazio-prozesua has dezala, eta, txostena eskuragarri dagoenean, ondorioak Eusko Legebiltzarrari helaraz diezazkiola, Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio balora dezala Zineuskadik sektorearen estrategian paper zentralagoa izatea, bere funtzioak zabalduz nazioarteko sustapenean, jaialdien koordinazioa eta nazioarteko plataforma eta erakundeekin lankidetzak sortzean funtsezko eskumenak bereganatzeko». 

Etxenikeren hitzak

Astelehenean hil zen Carlos Garaikoetxea frankismo osteko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria, eta ETBk bizkor erreakzionatu zuen programazio berezia antolatuz. Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialdea dokumentalean, ETBren sorrera aipatu zen bitan, hitz bakar bat egin gabe haren sustatzaile nagusi Ramon Labaienen —orduko Kultura sailburua— inguruan.

Dokumental berean, Pedro Migel Etxenike Kultura eta Hezkuntza sailburu izandakoak —bozeramailea ere izan zen 1983. eta 1984. urteetan— 1980ko hamarkadaren hasieran esandako hau jasotzen da: «Hemen norbaitek euskaraz bizi nahi baldin badu, euskaraz bizitzeko aukera izan dezala administrazioarekin hitz egiterakoan edo hartu-emanetan». 2023koa da dokumentala, eta horretarako egin zioten elkarrizketan beste hau aipatu zuen Etxenikek: «Euskararen Normalizazioaren Legea historikoa izan zen. Herritarrak hizkuntza aukeratzen du, eta betebeharrak administrazioarenak dira».

Soledad Gallego-DĂ­az 'El PaĂ­s'-eko lehen emakume zuzendaria
Soledad Gallego-Díaz El País egunkariko lehen emakume zuzendaria, 2022an, Zaragozan (Espainia). Asteartean hil zen. JAVIER CEBOLLADA / EFE

Garaikoetxea hil zen egun berean, El País egunkariak 50 urte bete zituen. Eta egunkari horrek izan zuen lehen emakumezko zuzendaria hurrengo egunean hil zen, asteartean: Soledad Gallego-Diaz. Eliza Katolikoaren pederastia kasuen inguruko ikerketa kazetaritza lana jarri zuen abian, zuzendari zela. Eta kazetaritzaz egin zituen hausnarketen artean, honako hau: «Kazetaritzak errealitatean eragiteko botere handiagoa du informazioaren bidez, iritziaren bitartez baino».  

Aste honetan ere hil da Ted Turner, Cable News Network (CNN) katearen sortzailea. AEBetako kable bidezko telebistan eragin handia izan zuen. Eta hark sortu zituen TCM, TNT eta Cartoon Network telebista kateak ere. Telebista garaikidearen historia ezin da ulertu 1990ean CNNk Irakeko Gerra nola kontatu zuen aintzat hartu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA