Zinema

Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Zineuskadiren kudeaketa «hobetzeko» EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena

EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute, eta haiek adostutako osoko zuzenketak egin du aurrera azkenean. Zineuskadiren egitura egokia denik auzitan jarri du EH Bilduk, eta gogoratu du urteetan ez dutela kontratazio publikoaren legea «behar bezala» bete.

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko maiatzaren 6a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zineuskadiren kudeaketaren gaineko mesfidantza hitzek berriz egin dute oihartzun Eusko Legebiltzarreko hormen artean. Lehendik ere, EH Bilduk hainbatetan ekarri izan du hizpidera elkartearen funtzionamenduari eta egiturari buruz daukan kezka, eta, besteak beste, hari buruz esan du 2018tik ez duela «behar bezala» bete kontratazio publikoaren legea. Kezka harexek bultzatuta, talde politikoak legez besteko proposamen bat aurkeztu du orain legebiltzarrean, eta bi neurri har daitezela exijitu: batetik, Zineuskadiren kudeaketari buruzko «analisi serio eta zorrotz bat» egin dadin nahi dute, eta «beharrezko neurri zuzentzaileak» har daitezela; bestetik, Zineuskadiren egitura bera ere azter dadin nahi dute, ikusteko egokia ote den edo, kontrara, bestelako egiturarik ezartzea komeni den. EAJk eta PSE-EEk proposamenaren kontra bozkatu dute, eta, azkenerako, haiek adostutako osoko zuzenketak egin du aurrera. Elkarteak daukan egitura «sendoa eta egokia» dela iritzi diote bi-biek. 

Josu Aztiria legebiltzarkideak eman ditu EH Bilduren proposamenaren gaineko azalpenak. Kritiko azaldu da, beste behin, eta gardentasuna eskatu dio Zineuskadiri. «Jakin nahi dugu elkarteak zergatik ez dituen behar bezala bete erakunde publiko bati dagozkion legeak», nabarmendu du, zorrotz. Kontratazio Publikoaren 9/2017 Legea izan du ahotan atzera, zortzi urtez hura errespetatu gabe jardun izana egozten baitiote elkarteari, zehazki. Edonola ere, Aztiriak ohartarazi duenez, Zineuskadik lizitazio publiko bat martxan jarri du berriki, eta poza azaldu du horregatik. «Agerian gelditu da gure bultzak izan duela eragina, txukuntze lanetan hasiak direla». 

Hain zuzen, Zineuskadiren auziaren inguruan EAJk eginiko zenbait urrats eskertu ditu Aztiriak segidan. Dioenez, jeltzaleek borondatea azaldu dute gaiaz hitz egiteko, nahiz eta, EH Bilduren irudiko, ez den aski. 

Bozketaren ordua iritsita, EAJk eta PSE-EEk kontrako botoa eman diote EH Bilduren legez besteko proposamenari —zortzi boto, guztira—, eta alderdi popularrak abstentzioaren alde egin du —boto bakarra—; koalizio subiranistak bakarrik egin du bere proposamenaren alde: bost. Kontrara, EAJk eta PSE-EEk osoko zuzenketa bat aurkeztu dute, eta, beren zortzi botoak eskuratuta, hura gailendu da bozketan, EH Bildu eta PP abstenitu egin baitira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA