Merezi baino oihartzun txikiagoa izan du udazken honetan ETBko Tribuaren berbak saioak, nahiz eta zortzi atal mamitsu eta erakargarri ondu dituzten Orio Produkzioak ekoiztetxekoek. Kike Amonarriz Gorriak eta Izaro Arruti Agirreurretak —zuzendaritzan Luis Oiartzabalen laguntzarekin— euskararen bueltako makina bat datu eman dituzte, pertsona interesgarriak elkarrizketatu dituzte eta kale inkestetan askotariko ahotsak eraman dituzte pantailara. Edozein ikastetxetako euskara eskoletan, euskaltegietan eta hizkuntza eskola ofizialetan material erabilgarri eta baliotsua utzi dute; iganderoko atalez gain, Interneteko sare sozialetan Arrutik bestelako bideo labur batzuk ere aurkeztu ditu —bestetik, Hitzerraz podcasta aurkezten hasi berri da Guau plataformarentzat—.
Urriaren 4an hasi zuten Tribuaren berbak saioko denboraldia, Madrilgo euskaltzaleekin; Jalgi hadi plazara! atalean, euskal kanten bueltan ibili ziren; Non gaude? atalean euskararen egoeraren gainean galdetu zuten han-hemen —solasaldi berean elkartuko zituzten Jasone Mendizabal Taupa mugimenduko koordinatzaile nagusia, Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko kidea—; adimen artifiziala aukera ala mehatxu den galdetu zuten —erantzuna eman zuten adituen artean, Beñat Erezuma: egunotan ikusi du argia Funtzio sigmoidea bere BERRIAko zutabeen bildumak—; eta bosgarren atalean, hezkuntzaren erronkaz aritu ziren.

Euskararen birika, arnasguneak atalean Iñaki Iurrebasoren hausnarketak entzutea garrantzitsua izan zen. Eta zazpigarren atalean, Aniztasuna gurean izenekoan, Laura Penagos Kolonbiako aktoreak esandakoak ETB2 katean buklean jartzeko modukoak lirateke —adibidez, Euskararen Egunean—. Penagosek nabarmendu zuen euskara ikastea ez dela zaila, baina Euskal Herrian euskaraz egiteko aukera aurkitzea dela zaila —Bilbon egin zion Arrutik elkarrizketa—. «Begirada deskolonizatu behar da. Ondoan dagoen pertsona ulertu. Bai etorkinek bai hemengoek maitatu eta ikasi behar dute euskara. Bestela oso zaila da elkarbizitza bat denon artean aurkitzea», esan zuen Penagosek. Denboraldiko azkeneko atalean, Errioxako eta Burgosko (Espainia) euskara izan zuten ikergai Tribuaren berbak saioan.Â
Ez dadila denbora askorik pasatu atal berriak grabatzen hasten diren arte. Euskal Telebistak eta euskarak behar-beharrezkoa dute saioa jarraitutasunez ematea.Â
Jon Sarasua, ETB2n
Juan Carlos Etxeberria kazetariak gertuko elkarrizketak egiten ditu igande gauetan ETB2 kateko A un metro saioan. Aurreko igandean, Jon Sarasuari egin zion elkarrizketa, gaztelaniaz. Eta ez dago Sarasuak esaten dituen guztiekin ados egon beharrik aitortzeko elkarrizketa horretan esandako kontu bat baino gehiago aintzat hartzekoak direla.
Halako batean, Etxeberriak galdetu zion Sarasuari: «Zer pentsatzen duzu entzuten duzunean: 'Zertarako ikasiko dut euskara, gaztelania baldin badut'?». Sarasuaren erantzuna: «Uste dut jendea ez dela konturatzen 40.000 haur elebakar daudela, soilik euskaraz hitz egiten dutenak. Eta 40.000 haur horiei gaztelaniaz erakutsiko diegu, bizikide izan daitezen, eta herrialde honetan gutxieneko aukera bat izan dezaten». Hortaz, euskarak zertarako balio duen galdetzen duenari zera esango lioke Sarasuak: «Zurekin gaztelaniaz ari naiz, nik bai ikasi dudalako zure hizkuntza. Gozatu dut zure hizkuntzarekin, eta maite dut. Baina ikasi egin behar izan dut. Herri honetan hogei urte badaramatzazu, zuri ere badagokizu alderantzizko bidea egitea. Zuk ere jarri behar duzu zure partea. Euskaldunok jarri dugu gure partea».  Â
Erakunde publikoek beren aldetik gehiago jarri beharko dute elkarrizketa horretako bizilagunak euskaldunon komunitatera gerturatzeko. Ikus-entzunezkoek ere badute zeresanik horretan.