Egiten ditu gauza batzuk ondo Euskal Telebistak, eta horien artean, benetan ondo eta ikusgarri egiten dituenen artean, arraun estropaden emankizunak daude. Guztien artetik hobekien eta ikusgarrien, nola ez bada, Kontxako Banderaren zuzeneko emankizuna. Gaur goizean eta eguerdian milaka herritar ariko dira ETB1eko zuzeneko seinaleari adi, 2026ko Kontxako Bandera nork bereganatuko. Halako zuzeneko emankizunetan lantalde handi bat jarri ohi du martxan telebista publikoak: kamerak, mikroak, errealizazio taldea, soinu teknikariak, esatariak... guztien lan profesionala da beharrezkoa pantailetan emankizuna erakargarria izan dadin. Eta lortzen dute. Urte batzuen buruan, Kontxako Banderaren emanaldiaren kalitateak nabarmen egin du gorantz.

Aurreko igandean, lehen jardunaldian, Donostiako badian jokatu zen estropadaren ikusle datuak ez ziren nolanahikoak izan: 115.000 herritarrek baino gehiagok egin zuten bat ETB1en emankizunarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskaraz ulertzen duten herritarren artean, emakumezkoen estropadak %23,6ko ikusle kuota bereganatu zuen; eta gizonezkoenak, ia %40ko kuota. ETB On Interneteko plataformaren bidez, bestalde, 19.000 herritarrek ikusi zuten zuzenean Kontxako Bandera. Gaur, estropadari ekin aurretik, Kontxa hondotik saio berezia emango du ETB1ek, 10:50ean —arraunaren bueltako istorioen eta azalpenen erreportaje sorta bat da; Ibon Gaztañazpik landu ditu, eta EITBLab laborategikoen laguntza izan du—.
Ikus-entzunezkoen sektorean behin eta berriz zabaldu ohi da azken boladan «telebista konbentzionala hilda dago» esaldia. Zalantzagarria da hori. Izan ere, zuzeneko emankizun jakin batzuek erakutsi ohi dute hori ez dela hala. Trantsizio aro bat bada egun, eta hibridazioa ere bai streaming plataformen eta telebista konbentzionalaren formatuen artean. Baina datuak hor daude, eta aurten gizonezkoen futboleko Munduko Kopako partidek sekulako markak ezarri zituzten; kasurako, Argentinaren eta Espainiaren arteko finalak %80tik gorako ikusle kuota bereganatu zuen Hego Euskal Herrian. Zuzeneko bat zen, telebista konbentzionalekoa. Munduko herrialde gehienetan egun eta ordu berean ikusi zuten kirol emankizun bat.

Plataformetan zuzenekoak
Aipatutako hibridazioaren erakusgarri dira nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek zuzeneko emankizunak ugaritzearen alde hartu duten bidea. Evan Shapiro ikus-entzunezkoetako adituak —hedabideen kartografo izendatua sektorean— behin baino gehiagotan esan izan duenez, «audientziak zatikatu diren garai hauetan», kirolen zuzeneko emankizunak dira telebista konbentzionaleko konpainiei zein streaming plataforma digitalei bizirik iraun ahal izateko modua ematen dieten eduki bakarrak.
Joan den ostiralean, Netflix plataformak Australiako Melbourne hiritik eman zuen NFL AEBetako Futbol Amerikarreko Ligako 49ers eta Rams taldeen arteko partida, zuzenean. Datorren asteazkenerako, berriz, Disney Plus plataformak, ESPN kirol kateak eta edari energetikoko marka ezagun batek Max vs 100 izeneko zuzeneko emanaldi berezia antolatu dute: Silverstoneko 1 Formulako zirkuituan (Northamptonshire, Ingalaterra), Max Verstappen Herbehereetako pilotua beste ehun piloturi aurrea hartzen saiatuko da. Zuzeneko emanaldia —Euskal Herrian 18:00etan hasiko da— Mo Gilligan umorista britaniarrak aurkeztuko du. 1 Formulako aditu batzuk izango ditu, edonola ere, aldamenean. Disney Plusen kirol eskaintza zabalagoa da noski, eta, ESPN katearen bitartez, emakumezkoen Txapeldunen Ligako futbol partidak hasi dira ematen.

Euskal Irrati Telebistak, bestalde, ETB On plataforma aurkeztu zuenean iragarri zuen Euskal Herriko «zuzenekoen eskaintzarik handiena» egin nahi dutela bertan. Ez dira plataformako zuzeneko guztiak kirol arlokoak —kontzertuak eta jaien bueltakoak ere badira—. Baina, edonola ere, kirolek bereganatzen duten arreta ukaezina da. Bihar bertan, ETB On plataforma zesta-puntako Jai Alai Ligako lauko finala ematen hasiko da, eta izango du txapelketa horrek Euskal Herritik kanpoko ikusle bat baino gehiago. Baina ETB1ek ere emango du astelehenero, zuzenean, 21:45ean, eta hor ikus-entzule gehiago izango dira, azken datuei erreparatuz gero. Telebista konbentzionala oraindik hilda ez dagoen seinale.