Autotik atera dira Ainhoa Azpitarte eta Itziar Atienza aktoreak, Bulego taldearen Ezer ez da berdina abestia kantatzen ari direla. «Gure kantu gordinak/ hutsik daude/ hutsik daude...». Besotik hartuta doaz, eta etxeko atarian musu eman dio Atienzak Azpitarteri. «Berriro!». Urnietako (Gipuzkoa) etxe baten aurrean, behin eta berriz errepikatu zuten eszena herenegun eguerdian. Baina, seigarrenean, eszena aztertu, eta balekoa izan zen. «Positibatzera». Zortzi astez aritu dira Desagertuta telesailaren bigarren denboraldiko sei atalak filmatzen, eta atzo gauean amaitu zituzten filmaketa lanak. Okerrik ezean, grabaketa amaierako festa egingo dute gaur.
Lehen denboraldian ere aritu ziren Atienza eta Azpitarte. Adi ari dira Jabi Elortegi zuzendariaren azalpenak entzuten —Liliana Bocanegra da beste zuzendaria—. «Nahiz eta denboraz estu aritu garen, bigarren denboraldi hau asko disfrutatu dut», dio Azpitartek. «Bi urte pasatu dira lehen denboraldia filmatu genuenetik, eta ni neu ere dezente aldatu naizela sentitzen dut. 20 urte nituen lehen, eta bi urtean gauza asko aldatzen dira. Beste Ainhoa bat etorri da denboraldi honetara». Irribarretsu mintzo da Ainhoa Aierbe aktore zuzendaria: «Aurreneko denboraldian ezagutza prozesu bat izan genuen. Eta aurtengoa luxu bat izan da. Gazteek ezagutzen zituzten beren pertsonaiak, eta dinamika guztia ere bai. Aurtengoan oso erraza eta oso gustagarria izan da lan egitea, berehala iritsi baikara oso emaitza politetara».
Pozik da Iñigo Aranburu aktorea, lehen denboraldian bezala Desagertuta-ko atal berrietan ere ari dena. «Familia bat egin dugu taldean. Trama aldetik, hobetu egin direla esango nuke. Lehen denboraldian gustura gelditu ginen. Baina pentsatzen duzu ea nondik luzatuko duten, eta oso pozik nago jaso genituen gidoiekin». Eszenak euskaraz eta gaztelaniaz filmatzera ohitu dira, aurrenekoan ere hala egin baitzuten.
Aktore berrien artean, Jose Ramon Soroiz eta Ane Gabarain daude, baita Itziar Manero eta Iker Roca ere. Elortegik azaldu duenez, Soroizen parte hartzea oso txikia da, baina handiagoa da Gabarainena. «Oso gustura ibili gara haiekin, nola ez! Maila handiko aktoreak dira».
Arlo teknikoan, prest une oro
Dozenaka lagun ari dira filmaketan lan egiten. Bakoitzak bere egitekoa fin bete behar du, eszenak txukun atera daitezen. Grabatu aurretik, Eneritz Rojas makillatzaileak eta Virginia Pelegrin ile apaintzaileak azken apainketak egiten dizkiete Azpitarteri eta Atienzari. Unai Gomez Segurak soinean darama kamera: Arri Alexa mini LF bat. Ainhoa Tilves zuzendari laguntzailearen agindua jaso dutenean, berriro ekin diote eszena grabatzeari.

Soinu arduradun lanetan ari da, bestetik, Iñigo Azkue. «Zenbat eta soinu naturalagoa eta argiagoa izan, hainbat hobe ediziorako eta postprodukziorako». Zortzi asteotako filmaketa lanak ondo joan direla iruditzen zaio. «Erritmo bizkorrean aritu gara. Eta %80 inguru zuzeneko soinuarekin filmatu da. Gaur egun, edonola ere, adimen artifizialarekin konponketak egitea errazagoa da».
AIE, Pausoka eta Zebra Producciones (iZen Taldea) ekoiztetxeak ari dira telesaila ekoizten, EITBren eta Netflixen partaidetzarekin. Pausokaren izenean Xabi Zabaleta da ekoizlea, eta nabarmendu du «oso polita» izan dela lehen denboraldiko lantaldea berriro elkartzea. Iazko maiatzean, Desagertuta lehen postura iritsi zen Espainiako Netflixen zerrendan. Gehien ikusitakoen zerrendan ere aste luzez egon zen. Eta Primeran plataforman lehen tokian egon zen hasiera-hasieratik. «Ez genuen espero Netflixen gertatu zena. Erronka hor dago, eta ea datu berak lor ditzakegun».
Iaz bezala, lehenbizi euskarazko bertsioaren atalak estreinatuko ditu EITBren Primeran plataformak, eta, handik egun gutxira, Netflixek gaztelaniazkoa zabalduko du mundu osoan. Elortegik badu itxaropena aurreneko denboraldian lortutakoa gainditzeko: «Denok buruan dugu lehen atalen gainetik egon behar dugula. Exijentzia handia da, bai». 2027ra itxaron beharko da hala izango den ala ez jakiteko.