Ikus-entzule datuetan arrakasta handia izan zuen Desagertuta telesailaren lehen denboraldiak: euskarazko bertsioak 350.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituen Primeran plataforman, eta EITBko zerbitzu digitalean lehen postuan ibili zen. Netflixek gaztelaniaz ematen zituen atalak astero, Primeran-en euskarazkoak eman eta bi egunera, eta AEBetako plataforma horretan ere aurreneko tokian izan zen —Espainiako Netflixen gehien ikusten ziren telesailen artean lider izan zen, alegia—. Gauzak horrela, EITBk eta Netflixek baiezkoa eman zioten bigarren denboraldia grabatzeari, eta egunotan Gipuzkoako hainbat herritan ari dira filmaketak egiten. Aktore berrien artean, Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain, Itziar Manero eta Iker Roca daude.
Gabarainek eta Soroizek makina bat aldiz egin dute lan elkarrekin. Hiruko berezia osatu zuten, Elena Iruretarekin batera, ETBko lehen sitcom-ean: Bi eta bat (1991). Ondotik ere antzerkian aritu izan dira elkarrekin. Eta Euskal Herritik kanpo ere makina bat herritarrek ikusi dute haien lana; kasurako, HBOren Patria telesailean aktore protagonisten artean zeuden, eta Gabarain hautagaia izan zen nazioarteko Emmy saria jasotzeko, lan horretan egindako lanagatik. Gabarainek berak Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmean parte hartu zuen, eta lan hori Berlinalen izan zen saritua. Soroizek, berriz, azkeneko urtean makina bat sari jaso ditu Maspalomas euskarazko filmean egindako lanagatik. Irailaren 22an, berriz, Zinemira saria jaso zuen Soroizek, Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan.
Haiek baino gazteagoak dira telesailaren beste bi fitxaketa: Itziar Manero eta Iker Roca. 1994an jaio zen Manero, eta Manual para señoritas eta Toda la verdad de mis mentiras telesailetan parte hartu du. Baita Itsaso Aranaren Las chicas estĂ¡n bien filmean ere. Rocak FĂsica o QuĂmica. La nueva generaciĂ³n eta Innato telesailetan egin du lan, eta uda honetan Iruña 97 telesailean ere aritu da.
Desagertuta-ren lehen denboraldiko aktore ugarik bigarrenean ere jarraituko dute: Itziar Atienzak, Gorka Otxoak, Jon Olivaresek, Ainhoa Larrañagak, Ane Rotek, Ainhoa Azpitartek, Unai Aranak, Asier Rikartek, Julen Taboadak eta Iñigo Aranburuk. EITBko informazioan ageri ez den arren, taldeko argazkian dira Iker Barandiaran aktore donostiarra —Irabazi arte-ren laugarren denboraldian Galder gaiztoarena egin zuen— eta Kepa Errasti antzerkigilea ere.

Liliana Bocanegra zuzendaritzan, Jabi Elortegirekin
AIE, Pausoka eta Zebra Producciones (iZen Taldea) ekoiztetxeak ari dira telesaila ekoizten, EITBren eta Netflixen partaidetzarekin. Sei atal izango ditu denboraldi berriak, eta zuzendaritzan bada aldaketa bat: aurreneko denboraldian Jabi Elortegi (Pausoka) eta Estel Diaz izan ziren zuzendariak, eta bigarren denboraldian Elortegik zeregin horretan jarraitu du, baina Diazen lekukoa hartu du Liliana Bocanegrak. Kolonbian jaioa da Bocanegra, eta hark zuzendutako La reina del flow folletoiak arrakasta handia izan zuen nazioartean —nazioarteko Emmy saria ere jaso zuen—. Netflixentzat ere egin izan ditu beste lan batzuk. Elortegik, bestetik, berriki Gatibu, agur esan barik dokumentala aurkeztu du Donostiako Zinemaldian.
Telesaileko produktore eragileak hauek dira: Pausokako Xabier Zabaleta eta Itziar Zeberio batetik, eta Zebra ekoiztetxeko Juliana Barrera eta Sara Fernandez-Velasco bestetik. Ekoizpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du. Elkargiren finantzaketa laguntza izango duela ere aipatu du EITBk.
Istorioaren eta gidoien sortzaileak Marta Grau Rafel eta Xabier Zabaleta dira. Grau Rafelek hainbat telesailen gidoiak idatzi ditu TV3rentzat. Zabaleta Go!azen telesailaren sortzaile, gidoilari eta ekoizlea da.
Istorioa amaitu zenetik hiru urtera
Bigarren denboraldiko lehen atalaren aurreneko pasarteak Jon (Jon Lukas) desagertu eta hiru urtera gertatuko dira. EITBk iragarri duenez, garai bateko gazte kuadrilla berriro elkartuko da, eta tentsioz betetako egoerak biziko dituzte. Bestetik, Iñakik —Gorka Otxoak jokatzen du pertsonaia: Jonen aita— presioa egingo du benetan zer gertatu zen jakiteko. Eta Niko pertsonaia berria —Iker Roca— ibiliko da tartean.
Spoiler gehiago egitea ez da komeni, oraingoz. Otxoak sare sozialetan iragarri duenez, 2027. urtean estreinatuko dute Desagertuta-ren bigarren denboraldia.
Lehen denboraldia osorik ikus daiteke, bai Primeran-en (euskaraz), bai Netflixen (gaztelaniazko zein euskarazko bertsioan) ere. Nazioarteko bi Produ sari jaso zituen telesailak: Jon Lukas aktoreak bata, eta Zabaleta, Grau eta Jesica Aran gidoilariek bestea.