Bartzelonako Serializados telesailen nazioarteko jaialdian Argi gorriak euskarazko telesaila aurkeztu zuten iaz. Jaialdi horren hamahirugarren aldia egiten ari dira egunotan Kataluniako hiriburuan, eta larunbatean euskarazko bi telesail berri emango dituzte: Estu eta Aloka(h)iru. CCCB Kultura Garaikideko Bartzelonako Zentroan ikusi ahalko dira telesail bakoitzeko lehen bi atalak.
Eñaut Zuazo gidoilari eta umoristak aurkeztuko du ekitaldi hori, etzi arratsean, eta Aloka(h)iru telesaileko hiru protagonistena egiten duten aktoreak izango dira han: Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz, zuzendari eta ekoizleekin batera. Primeran plataforman bertan, trailer labur bat jarri dute, eta iragarri «laster» estreinatuko dutela —baina, haren aurretik, hilaren 29an, Anjel Alkainek, Aitziber Garmendiak eta Iker Galartzak sortutako Superra estreinatuko dute—.

Alba Lozano eta Nitya Lopez dira Aloka(h)iru telesailaren zuzendariak. Itxuraz, aktualitate handiko istorio bat kontatzen du: hiru lagunek pisua partekatzen dute Bilboko Alde Zaharrean. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta direla, ezusteko albiste bat jasoko dute: etxeko jabea hil egin da, eta haren semeak hilabete eman die maizterrei alde egiteko. Epe motzerako alokatzeko aukerarik gabe, egoerari etekina ateratzea erabakiko dute maizterrek, eta hiru negozio klandestino sortuko dituzte etxe barruan. Neska bakoitzak bere abileziak erabiliko ditu sosak lortzeko: Garazi —Lorea Intxaustik antzeztuko du— Zuzenbide ikaslea eta turismo gidaria da, eta bisita gidatuak etxean bukatuko ditu, turistei oroigarriak urrearen prezioan saltzeko; Nerea —Izaro Nietok antzeztuko du— Ikus-entzunezkoetako ikaslea da, eta bere gela kaotikoa ihes gela bihurtuko du; eta Maider —Nerea Sanzek antzeztuko du— Arte Ederretako ikaslea da, eta logela eskainiko du ligatzeko aplikazio batean, hiriaren erdigunean intimitatea bilatzen duten bikoteentzat. Irtenbide desesperatu gisa hasitakoak laster jarriko ditu kolokan haien bizikidetza, etorkizuneko planak eta adiskidetasuna. Orotara, lau atal ditu fikzio lanak.
Estu da etzi Bartzelonan aurkeztuko duten beste telesaila, oso bestelakoa. Sei atal ditu, eta sortzaileak Arriguri taldeko Ander Mateos eta Xabier Ojinaga dira. Kontrol digitalak eta distantzia sozialak markatutako konfinamendu bat erretratatzen du istorioak. Amaiak psikologo gisa egiten du lan, online, eta desobeditzea erabakiko du. Topaketa klandestinoen bidez, desira ikerketa metodo bihurtuko du, eta gero eta urrunago eraman, plazera, arriskua eta kontrola nahasten hasten diren arte.Â
Aia Kruse aktoreak jokatzen du Amaia protagonistaren rola —Handia filmean eta Altsasu eta La lĂnea invisible telesailetan aritua da, besteak beste—. Beste aktore protagonista Jon Ander Urresti da —Zeru ahoak telesailean Karonte psikopata hiltzailearena egin zuen—. Biek esperientzia dute antzerkian ere.

Arriguri taldekoek urte luzez egin dute lan euskal musika taldeentzat bideoklipak egiten. Iaz, Historikoa. Chill Mafiaren azken kontzertuaren historia erreala fikziozko lana egin zuten Primeran plataformarentzat. Aste batzuk itxaron beharko da Estu plataforma horretan ikusteko.
San Joseren 'Celeste 2'
Euskal Herriko beste sortzaile batek, Diego San Jose gidoilariak (Irun, Gipuzkoa, 1978), Celeste telesailaren —Movistar Plus plataforman ikusi ahalko da— bigarren denboraldia aurkeztuko du datorren astelehenean Serializados jaialdian bertan, Sail Ofizialean. Atal bakoitzak 25 minutu irauten du, eta lehen hirurak emango dituzte Phenomena aretoan. Celeste-ren aurreneko denboraldia Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2024an, Belodromoan. Zerga ikuskatzaile baten gorabeherak kontatzen ditu. Bestalde, San Josek hainbat sari jaso ditu azkeneko hilabeteetan Yakarta telesailarekin.
Serializados jaialdia hilaren 28an amaituko da, EpisĂ²dic: El principi d’Arquimedes telesailaren estreinaldiarekin. Josep Maria Miroren izen bereko antzezlan batean oinarrituta dago.
Horrez gain, epe labur batez Filmin ordainpeko plataformak bere zerbitzuan jarriko ditu jaialdian aurkeztuko dituzten telesail batzuen lehen atalak. Azaroaren 10etik 22ra ikusi ahalko dira telesail berrietako batzuk, baina ez Seralizadoseko guztiak —30 aurkeztuko dituzte—. Filminek berak Segunda temporada telesaila aurkeztuko du bihar gauean.