Kontzertu handien urtea izan da Euskal Herrian hainbat musika talderentzat. Eta kontzertu handi horietako batzuk telebistaz ikusteko aukera izan da, EITBren bidez. Gaur gauean ere, Gatibu musika taldeak bere ibilbideko azken kontzertua emango du Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan, eta ETB1ek, Primeran doako plataformak eta Guau audio plataformak zuzenean emango dute. Emankizuna 21:15ean hasiko da, eta gauerdi partean amaituko. Ilaski Serranok egingo ditu aurkezle lanak.
Agur esan barik deitu dio Gatibuk bere azken birari. Despedidarako kontzertu bat ez, baizik eta hiru prestatu dituzte. Abenduaren 6an eman zuten lehena, atzo gauean bigarrena, eta hirugarren eta azkena izango da gaurkoa. Zuzenean gaur ikusteko aukera ez duenak, edonola ere, datozen egunetan kontzertua Primeran plataforman ikusi ahalko du. Bi ordu eta erdiko kontzertua izan zen abenduaren 6koa, eta espero da gaurkoak antzeko iraupena izatea. Gonbidatuak, berriz, desberdinak izaten ari dira hiru kontzertuetako bakoitzean. EITBk 4K bereizmenean emango du kontzertua, eta hemezortzi kamera erabiliko dituzte.
Gatibu musika taldea 2000. urtean sortu zuen Alex Sarduik. Harrezkeroztik, Haimar Arejita gitarra jotzailea eta Gaizka Salazar bateria jotzailea izan ditu alboan; baxua jotzen Mikel Caballero aritu zen, 2022. urtera arte. Arejitak BERRIAn nabarmendu du zaleen harrera beroa izan dutela urteotan. «Gure musikak hainbat belaunaldirekin konektatu du, eta hori kristoren saria da».
Azken kontzertuen bezperatan, bestalde, Gatibuk zuzeneko diskoa argitaratu du, Gernika-Lumon (Bizkaia) emandako kontzertua grabatu ostean: Azken zoramena (Gernika-2025-06-27). Hain zuzen ere, herri horretakoa da musika taldea. CD bikoitza eta binilo hirukoitza da. «Pozik goaz, ze 25 urte horrek oso onak izan dira...», dio Arejitak.
ETB1en ala ETB2n halakoak?
Aurten Euskal Telebistak bi kate nagusiak erabili ditu euskal taldeen kontzertu handi batzuk emateko. Zetak taldearen Mitoaroa ETB2n eman zuten urtarrilaren 4an; eta talde beraren Mitoaroa II ikuskizuna ere bai gaztelaniazko katean, irailaren 6an. Bietan Pello Reparazek berak eskatu zion telebistari ETB2n ematea, ikuskizuna euskaraz ez dakiten ikus-entzuleengana ere iritsi ahal izateko. Izan ziren, hala ere, kritika batzuk sare sozialetan, ETB2ko emanaldi horretan telebista esatariaren aurkezpenak gaztelaniaz egin zituztelako —Illunbeko irailekoan, elkarrizketa ia guztiak ere bai—.
Fermin Muguruzak eta bere bandak ekainaren 14an Donostian 30.000 lagunen aurrean eman zuen kontzertua ez zen zuzenean ikusi ahal izan telebistaz. Baina grabatu egin zuten, eta ETB1 kateak urriaren 11n eman zuen. Primeran Interneteko zerbitzuan ikus daitezke Zetak taldearen bi ikuskizunak eta Muguruzaren kontzertu hura. Chill Mafia taldeak eman zuen azken kontzertua ere, edo azken-aurrekoa, hobeto esanda, plataforma berean ikus daiteke osorik. Barakaldoko BECen martxoaren 28an eman zuen kontzertu hura Chill Mafiak.
2022ko abenduaren 16an, Hertzainak taldearen azken kontzertua ETB2 kateak eman zuen.