Amaitu du bira Fermin Muguruzak. Ez da txikia izan: 49 kontzertuko nazioarteko bira. Azken kontzertua urriaren 4an eman zuen, Iruñeko Nafarroa Arenan. «Akelarre antifaxista» horietako bat, berriz, telebistaz ikusi ahalko da bihar. Donostiako Anoeta estadioan 30.000 lagunen aurrean Muguruzak eman zuen kontzertua osorik emango du ETB1 kateak bihar, 22:00etan. Interneteko EITB.eus atarian ere emango dute. Gainera, Primeran plataforman ikusi ahalko da.
Maputxeak abestiarekin hasi zuen kontzertu hura Irunen (Gipuzkoa) jaiotako musikariak. Haren ibilbideko askotariko kantak etorri ziren gero. Eta aldarriak: Anoetako estadioan, Aitor Zabaleta izan zuen gogoan, kasurako —zale txuri-urdina Madrilen hil zuten, 1998an—. Korrikan migratzaileak laguntzegatik epaitu behar zituzten zazpi lagunei ere elkartasuna erakutsi zien. Eta Donostiako turistifikazioari muzin egiteko asteburu hartan deituta zegoen manifestazioa ekarri zuen gogora. Baina batez ere nabarmendu beharrekoa da kontzertu hartan Palestinaren aldeko oihu bihurtu zela estadioa.
Kortaturen kantak. Negu Gorriak taldearenak. Muguruzak beste une batzuetan sortu eta kantatutakoak. Telebistan emango duten kontzertuan 40 urteko ibilbidean Muguruzak han eta hemen abestutako doinuekin gozatu ahalko da. Hay algo aquí que va mal, La línea del frente, Nikaragua sandinista, Txikito, Ustelkeria, Itxoiten...

Oholtza gainera igo ziren Muguruzaren hainbat lagun, tartean Jon Maia bertsolaria, eta segidilla gisako kopla bereziak kantatu zituen. Anoetako oholtza handira igo ziren Mikel Txopeitia, Mikel Anestesia eta Kaki Arkarazo musikariak ere. Gorka Urbizu musikariaren eta Itziar Ituño aktorearen kolaborazioak ere ez dira ahaztekoak: Urbizurekin batera kantatu zuen Muguruzak Radio Rahim; eta estadioa dantzan jarri zuen Ituñorekin batera Sarri, Sarri ereserkia abesterakoan.
Euria erruz egin zuen gau hartan, baina ez zen aitzakia izan 30.000 lagunek kontzertu harekin emozioz disfrutatzeko. Bihar gauean etxeko berotasunean entzun ahalko dira doinu horiek guztiak.

Azken kontzertu handiak, ETB2n
Bada eztabaida ea euskal taldeek emandako kontzertu eta ikuskizun garrantzitsuak ETB1 ala ETB2 katean eman behar diren. Hain zuzen ere, Zetak taldeak Iruñean urtarrilean emandako Mitoaroa ikuskizuna eta Donostiako Illunbe zezen plazan irailean eskainitako Mitoaroa II ETB2n eman zituzten. Euskaraz ziren Pello Reparaz musikariak sortutako ikuskizunak, baina telebistako emanaldietan aurkezlearen kontakizuna gaztelaniaz izan zen. Illunbeko kontzertuan egin ziren elkarrizketak ere gaztelaniaz eman zituen ETB2k. Bietan, milaka ikus-entzule bereganatu zituen ETBk: urtarrilaren 4an, Mitoaroa-k 275.000 ikusleren audientzia metatua izan zuen.