Musika

Pausa noiz artekoa izanen den airean utzita, «azken akelarre antifaxistan» agur esan du Fermin Muguruzak

Iruñeko Nafarroa Arenan 14.000 ikusleren beroa jasota bukatu du Fermin Muguruzak bere 40 urteko ibilbidea ospatzeko bira, hainbat gonbidatu ere oholtzaratuta: Negu Gorriak taldean kide izandakoak, Ane eta Kattalin Barcena, eta Saioa Alkaiza tartean.

IÑIGO URIZ / FOKU
Fermin Muguruza, bart, Nafarroa Arenan emandako kontzertuaren hasierako partean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urriaren 5a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontzertuan esandako lehenbiziko hitzengatik eta emanaldiko azken akordeen gainean Fermin Muguruzak ahoskatutako «beti arte» horrengatik ez balitz, bart Nafarroa Arenan gertatutakoak ez lirudike hain despedida ere. Eta, berez, izan zitekeen diferentea. Hamarkada pasa batez eszenatokietatik urrun izan eta gero abiatutako 48 kontzertuko bira baten azken emanaldiak aise izan baitzezakeen agur tonu nabarmenago bat, are nostalgia eta malenkonia kutsua, besteak beste ikusirik artistak orain arte ez duela argitu kontzertu honen ondotik zer datorren: etenaldi luze bat atzera, edo kontzerturen bat laster, edo besterik ez sekula. Despedidari buruzko aipamenak aise izan zitezkeen kontzertuaren haria, baina, oso kontrara, gozamenak eta aldarrikapen politikoek gidatu dute gaualdia Iruñean, hasi eta buka, eta Muguruzaren eta bere bandaren zuzeneko frenetikotik begiak apartatu ezinik izan dira 14.000 zale inguru. Kontzertuak hiru ordu pasa iraun du, eta, hura bukatutakoan ere, txaloak ez dira berehalakoan isildu, eta jendeak ez du segituan alde egin. Badaezpada bezala, akaso, baten batek. 

Ateak irekitzeko ordubete baino gehiago falta zelarik hasi da sumatzen jende oldea Sadar ibaiaren ertzera mugitzen, Nafarroa Arenaren ingurura. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, dozenaka milaka lagunek manifestazioa egin dute eguerdian Iruñean, eta Muguruzaren kontzertura etorritako asko aurrez protestan izandakoak ere bazirela agerian gelditu da. Izatez, Alde Zaharretik kontzertura ailegatzeko bidea billabesan egin dute hainbatek, eta, haien barrenetan, natural eta bestela bezala diluitu dira Palestinaren aldeko oihuak Muguruzaren kantu sonatuenen errepikekin. Hain zuen, batzuk eta besteak bat eginik aireratuko ziren gero ere, Arena barrenean. 

21:00etarako zegoen iragarria Muguruzaren kontzertua, baina beste talde bati zegokion gaualdia irekitzea, ordubete lehenago: Hoferi. Kartelean zehaztutako ordutegiari zorrotz obedituta, 20:00etan abiatu du kontzertua Atarrabiako musikariak.

Eszenatokiko pantaila erraldoia kolpez belztu da orduantxe, eta gainerako argi guztiak ere itzali dira harekin batera. Segidan, kolore eztanda bat bistaratu da pantailan, eta halakoxea izan da aireratu den musika ere: bizi-bizia, isiltasuna erdiz erdi hausteko doinu zorrotz bat. Hori sumatuta, oholtzara hurbildu dira ordura arte pistaren luze-zabalean barreiatuta zeuden ehunka ikusleak, inurrien gisan. Denak aurrealdean zirelarik, aiseago gelditu da bistara zenbat jende zegoen bertan ordurako: espazioaren heren bat betea zegoen. 

Hirukote gisara oholtzaratu da taldea Arenan: Igotz Mendez Hofe abeslariak Lucia Pla eta Jangitz Larrañaga musikariak izan ditu lagun. Ian Curtis, Kurosawa eta Cada vez que te pienso kantuekin hasi dute kontzertua, energiaz beterik, eta abeslariak berandu gabe egin du eten txiki bat, hitz batzuk esateko. «Estadio bat; nire bizitzan ez nukeen imajinatuko. Eskerrik asko, Fermin!», eman dizkio eskerrak Muguruzari. Kontzertuak aurrera egin ahala, giroa berotuz joan da. Beñat Rodrigo Kiliki Frexko abeslaria ere oholtzaratu da Hoferekin zenbait kantu abesteko —Gremin, 2 Esku 2 Laban eta el Xokas—, eta, azkenerako, 21:00etarako ordu laurden falta zenean eman diote amaia kontzertuari. Ez, ordea, aurrez txalo zaparrada bat jaso gabe bueltan.

Etengabe kantuan

Batere berantetsi gabe atera dira Muguruzaren bandako musikariak eszenatokira. Birako beste hainbat emanalditan egin gisara, ibilbideko disko guztien azalak proiektatu dituzte pantailan, eta, bitartean, 1999ko Maputxe kanta interpretatu du bandak. Ordea, Muguruza ez zen jendaurrera aterea oraindik; Miryam de la Fuente Matah abeslariak egin dio harrera, sar zedin. «Gabon, bona nit. Ahizpak eta anaiak, lagunak eta etsaiak; zuekin, Fermin Muguruza!». Lasterka batean sartu da kantaria orduan, Urrun abestia ezpainetan, eta Aitor Zabaletaren eta Iñigo Cabacasen irudiak atzealdean zituela. «Ongi etorri azken akelarre antifaxistara», esan du orduan Muguruzak. Eta euforiak hartu du Arena.

Ordutik aurrera, energia inoiz gutxi apaldu da: bai pista eta harmailetan, bai eszenatoki gainean. Izatez, bereziki eman du atentzioa musikariek uneoro erakutsitako bizitasunak; norberarak daukan eskarmentua eta elkarrekin ibilitakoekin ikasitakoak, biak gelditu dira agerian, nabarmen.

Zehazki, honako hauek osatu dute banda azken kontzertuan —birako hitzordu gehienetan izan dira guztiak—: Lide Hernando gitarrista eta abeslaria, Matah kantaria, Victor Navarrete baxu jotzailea, Gerard Chalart 58 perkusio jotzailea, Xabi Solano trikitilaria, Aritz Lonbide tronpeta jotzailea, Igor Ruiz Fino saxofonista, Gloria Maurel bateria jotzailea eta Jon Elizalde eta Amets Aznarez tronboi jotzaileak —normalean, tronboi jotzaile bakarra taularatzen da bandan, baina, birako azken emanaldia izaki, Elizalde eta Aznarez, biak aritu dira bart—. Hiru orduz, kasik gelditu gabe aritu dira guztiak

(ID_15387772) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-10-04, Iruñea. Fermin Muguruzaren bira amaierako kontzertua Nafarroa Arenan
Aritz Lonbide, Amets Aznarez eta Jon Elizalde musikariak, Arenako kontzertuan. I. URIZ / FOKU

Abestien artean apenas izan da hutsunerik, ezta hizketarako ere. Oro har, labur mintzatu da tarte horietan Muguruza, baina parentesi horiek zorrotz baliatu ditu zenbait aldarrikapen politiko ozentzeko, ohi duenez. Horren adibide da, hain justu, emanaldiaren hasieran Et combien de voitures de police abestia interpretatu dutenekoa: iazko Korrikan 36 migratzaileri Irun eta Hendaia arteko muga pasatzen laguntzeagatik epaituko dituzten zazpi auzipetuen kasua ekarri du gogora Muguruzak. Epaiketa asteartean izanen da, urriaren 7an Baionako auzitegian, eta auzipetuei elkartasuna adieraztera deitu du musikariak, besteak beste.

Beste hamarnaka borroka eta auzi izan ditu hizpide Muguruzak. Txiki eta Otaegi «bihotzean» dituela nabarmendu du In-komunikazioa kantaren txanda heldutakoan, eta hainbatetan aipatu ditu bai Palestina, bai eta, preseski, eguerdian Iruñean izandako manifestazioa ere. Hain justu ere manifestazioek eta herri mugimenduek daukaten garrantzia nabarmendu asmoz, A la calle kantua jo du orduan taldeak, eta, hori izan da, besteak beste, gaualdiko une gorenetako bat. 

Muguruzak Iñigo anaiari buruz hitz egiteko hartutako tarteetan jo du goia, berriz, samurtasunak. Nicaragua Sandinista abestia bukatutakoan ekarri du anaia solasera, zehazki, eta Bizitza zein laburra den jo dute segidan —Lide Hernandok ere jarri du ahotsa, batik bat—. Une horretan, kontzertu bira hasi atarian eginiko aitorpen bat gogora ekartzeko baliatu du unea abeslariak orduan. «Iñigo hil eta gero ez nekien inoiz eszenatokietara itzuli ahalko nintzen», kontatu du, baina azkenean itzuli zelako poza erakutsiaz, aldi berean. 

Gorputz eta ahots gehiago

2024ko abenduaren 19an abiatutako nazioarteko bira abiatu zutenetik, Muguruzak eta bandak aski fidel eutsi diote set-list formula bati —betiere, denboragatik moldatu behar izan ez badute—, baina besterik da nor gonbidatu duten haiekin aritzera. Jon Maia bertsolaria aurrez ere aritua zen haiekin bira honetan, eta azkenekoan ez du hutsik egin, baina, gainera, beste bertsolari bat ere izan da aldi honetan: Saioa Alkaiza. Hura aurkeztu duenean, bertsolariak berriki Palestinaren alde eginiko ekintza txalotu du Muguruzak. Izan ere, Alkaizak Igartza bekari uko egin dio, «Palestinako genozidioan CAFek duen inplikazioagatik» —CAF enpresa da sariketa horren finantzatzaile nagusietako bat—. Bi bertsolariek, Alkaizak eta Maiak, txandaka bota dituzte bina segidilla. Publikoa bereziki lehertu da Alkaizak lehenbizikoa bukatutakoan: «Ukabilari ekin/ gu palestinarekin». 

Bertsolariez gain, beste hainbat musikari ere gonbidatu ditu Muguruzak bere ondora. Juantxo Arakama izan da taularatzen lehenbizikoa. Taldea Big Beñat abesten ari zelarik, etena agindu du Muguruzak berak, eta sartzeko eskatu dio Arakamari. Abestiarekin segitu baino lehen, hark kariño eta miresmen hitzak eskaini dizkio Muguruzari. «Ni mikrofono batekin egoteko erantzuleetako bat zu zara», aitortu dio. Gainera, adierazpen askatasunarekin lotutako auzibideetan izandako Raimundo el Canastero eta Yakovlev 42 taldeak ere ekarri ditu gogora rapariak —azken hori epaiketaren zain da oraindik—. Hain zuzen, Yakovlev 42 taldeko Endika Loiola ere azaldu da oholtzara gero, eta Zu atrapatu arte abestu du Muguruzarekin.  

Negu Gorriak taldean kide izandako Mikel Txopeitia, Mikel Anestesia eta Kaki Arkarazo ere aritu dira kontzertuan, bai eta Quinndy eta Kuma dantzariak eta J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena ere —Radio Rahim kantatu dute—. Bestalde, kontzertuaren azken partean heldu dira beste bi gonbidatu, kanta bana kantatzeko: «Sobrinicoa» —ilobatxoa— eta «Euskal Herriko lehendakaria»; Hofe eta Itziar Ituño, alegia, —horrela aurkeztu ditu Muguruzak— eta Mierda de ciudad eta Sarri sarri kantatu dituzte taldearekin, hurrenez hurren. 

Hain justu, Sarri sarri jotzen hasiak zirela eta, gainera, gauerdia pasea zela ikusitakoan sentitu dute zale askok amaiera gainean. Eta, dudarik balitz, Muguruzak berak ere orduan egin du ohartarazpena atzera: «Azken kontzertua izan da! Eskerrik asko Iruñea. Eskerrik asko, Euskal Herria! Beti arte! Jo ta ke!». Eta bukatu da. Baita batere tristura airerik gabe ere. Gozamena eta esperantza aire bat izanik nagusi. 

Fermin Muguruza, Nafarroa Arana
Muguruza, bere 40 urteko ibilbidearen harira sortutako irudia atzeko pantailan duela. I. URIZ / FOKU

Datu bat eta detaile bat

Lantaldeak iragan astean iragarri zuenez, 40 Minutu Rock elkartasun eta musika jaialdia arduratu da Nafarroa Arenan muntatu dituzten barren kudeaketaz. Boluntarioak izan dira edariak zerbitzatzen —pistan lau barra paratu dituzte osotara—, eta, jakinarazi dutenez, etekin ekonomikoak Etxerat eta Harrera elkarteei emanen dizkiete osoki. Horregatik, «presoen alde topa» egiteko deia egin dute kontzertua hasi bezain laster. 

Hain zuzen, barrei loturiko ekimena gogora ekartzearekin batera, euskal presoen gaiaz gogoeta egin du Muguruzak. Preso eta iheslarien eskubideei dagokienez oraindik bidea falta dela iradoki du musikariak, eta zera esan du, hitzez hitz: «Topa egin orain haiengatik, eta hurrengorako egon daitezela denak etxean!». Zeharka bada ere, hurrengo kontzerturik, hurrengo dena delakorik izan izanen dela adierazten duen pista bat aurkituko zuen inork esaldi horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.