Artistaren lau hamarkada pasako ibilbide ipurterrea ezagutzen duen inor ez da ausartuko baieztatzera biharko kontzertua erabateko agurra izango denik, baina, era berean, halako nazioarteko bira batek eskatzen duen azpiegitura eta esfortzua zenbatekoa den jakinik, zaila da pentsatzea formatu horretako emanaldiak egiten hasiko denik inoiz berriz. 11 urtez kontzertu handirik eman gabe egon ostean, kontzertu handi bat jotzeko asmoa azaldu zuen artistak. Salgai jarri eta berehala saldu zituzten lehen kontzertu hartako sarrera guztiak; bigarren saio bat antolatu, eta minutu bakarrean amaitu ziren horiek ere. Hemezortzi kontzertuko nazioarteko bira bat antolatzera pasatu ziren handik gutxira, baina asmo hori ere handituz joan, eta lau kontinente eta hamahiru herrialde gurutzatu dituen 48 kontzertuko emanaldi sorta erraldoia bilakatu da azkenean. Muguruzak bihar itxiko du ziklo hori, Iruñeko Nafarroa Arenan, 14.000 bat ikusleren aurrean joko duen kontzertuarekin, eta, gero, oraingoz behintzat inork erabat zehazterik ez duen despedida baten eta gero arte baten artean hor nonbait geratuko da musikaria.
Kontzertuz kontzertu hainbat elkarrizketa eman ditu Muguruzak, baina haietako bakar batean ere ez du esan Iruñekoa azken kontzertua izango duenik. Baina ezta horren kontrakorik ere. Birako azken kontzertua izango dela baino ez dute aipatu komunikazio taldeko kideek oraingoz, eta, beraz, hori da oraintxe ziurtzat jo daitekeen bakarra. Izan ere, neurri handi batean, sorpresa moduko bat izan da musikariarentzat berarentzat ere halako bira erraldoi bat egin izana azkenean. Hori iradoki du Muguruzak berak azken kontzertuaren berri emateko hedabideetara bidalitako oharrean egindako adierazpenekin. «Bere garaian, bira hau egitera animatu nintzenean, ez nuen horrelako harrerarik espero. Orain, bukaera heltzear dagoen honetan, konturatzen naiz ia urtebete osoan zehar jasotako maitasun guztiaz».
Zuzeneko diskoa eta Spotify uztea
Zuzeneko disko bat kaleratzeko asmoa ere adierazi du musikariak justu birako azken kontzertuaren atarian. Nazioarteko biraren eta bertan jasotako berotasun horren guztiaren «legatu bezala», hain zuzen.
Ikusi gehiago
Madrilgo Kirol Jauregian eskainitako kontzertua bilduko du lan horrek, eta, hedabideetara bidalitako oharrean zehaztutakoaren arabera, biniloan eta CD formatuan kaleratu asmo dute. Hiru LP hartuko ditu grabazioak guztira, eta disko bikoitz modura ere kaleratuko dute, bestalde. Plataforma digitaletan ere jarri asmo dute lana, baina, iragarri dutenez, ez dute Spotifyn eskainiko.

Are gehiago, abendurako bere profil osoa ere ezabatu nahi du Muguruzak plataforma horretatik. Hedabideetara helarazitako oharraren arabera, keinu horren bidez «Israelgo estatu genozidarekin duen lankidetzagatik» Spotify plataformaren aurka indartzen ari den mugimenduarekin bat egin nahi izan du musikariak.
«Akelarre antifaxistak». Muguruzak izendapen hori jarri die birako kontzertuei, eta zuzenekoekin hasi aurretik ere argi utzi zuen bere jardun artistikoa konpromiso politiko zabalago bati lotuta dagoela.
Trabak eta kolpeak
Trabaz betetako ibilbide bati buruz aritu zitzaion musikaria BERRIAri. «Nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi. Jada Kortaturen garaian geratu zitzaigun garbi: Madrilgo kontzertuak bertan behera, eta Poliziarekin istiluak. 1984an eman genituen lehen kontzertuak, eta 1986an izan zen hori. Ondoren, Manolo Gilek egindako marrazki bat baztertu behar izan genuen, Espainiako erregea RanXeroxen antzean margotu zuelako. Negu Gorriak-en garai ia osoan Galindoren ezpata izan genuen lepoan. Haren ostean, ultraeskuindarrak izan ziren nire kontzertu batean lehergailu bat jarri nahian, 2001ean. Eskuetan zartatu zitzaien. Manu Chaorekin egindako biran, 2004an, hainbat kontzertu geratu ziren bertan behera. Hamabi urte eman nituen Madrilen ezin jo. Black is Beltza-rekin ere, antzekoa. Lehen filmaren harira, elkarrizketa bat egin zidaten TVE2 katean, eta biharamunean kazetariak barkamena eskatu behar izan zuen, PP oldartu zitzaiolako. Etengabea izan da, Hertzainak-en abesti hura buruan daramat beti: ‘Bakean utzi arte, [...] estatuari gerra’. Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun».
Ikusi gehiago
Eta bira hasi ostean ere izan dira trabak, eta maiatzean Mexikoko Alicia foroan emandako kontzertua izan da horren adibiderik esanguratsuena.

Orduko hartan, oraindik saioa amaitu gabe zutela, Polizia Federaleko, Guardia Nazionaleko eta armadako kideek osatutako operatibo armatu bat azaldu zen aretoan, eta tentsio handiko momentuak bizi izan zituzten. Musikariek eten egin behar izan zuten emanaldia, eta hurrengo asteetan polemika bizia eragin zuen indar armatuak bidaltzeko erabakiak. Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak ere adierazpen publikoak egin zituen Muguruzaren aurkako betoa salatzeko, eta, handik hilabete batzuetara, abuztuaren 31n, beste kontzertu bat jotzera joateko gonbita ere egin zion Mexiko Hiriko Gobernuak.
Ikusi gehiago
Baina Alicia foroko esperientziak etsipen puntu bat utzi ziola ere aipatu zuen Muguruzak ETBko Biba zuek programan. «Ni ez naiz espainola, eta ez dut ezer espero Espainiako Estatutik: horrelako gauza bat pasatu da, Mexikon arazo nazional bilakatu da, eta oraindik ere telebistetan egunero ari dira gertatu zenari buruz, eta Espainiako Estatuko inork ez du ezer esan, baina hemen ere, ez Irungo Udalak, ez Gipuzkoako Aldundiak, ez Eusko Jaurlaritzak ere ez dute ezer esan; denak mutu daude. Orduan, zer babes daukagu euskal herritar gisa?».
Abiapuntu intimoa
Dimentsio erraldoia hartu badu ere, abiapuntu intimoa izan du nazioarteko birak. Muguruzak Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi) hasi zituen emanaldiak, abenduaren 17an, eta 2019an hil zen Iñigo anaia gogoan hartuta ekin zien zuzenekoei. Hark 60 urte beteko zituen egunean igo baitzen oholtzara biran lehenengoz musikaria, eta 700 ikusle inguru baino ez zituen izan lehen saio hartan. Handik pare bat egunera, bitan bete zuen Bilboko Miribilla, abenduaren 20an lehenik eta abenduaren 21ean ere bai gero. Eta, aldaketa batzuk gorabehera, lehen emanaldi haietan ezarritako zuzenekoa eskaini du hurrengo zuzeneko saio gehienetan.
Berez, 2019an sortu zitzaion Muguruzari zerbait antolatzen hasteko ideia, baina BERRIAri kontatutakoaren arabera, ezinean eman zuen denbora bat. «Hainbat talde ezagun itzuli ziren [sasoi hartan], eta niri ere etorri zitzaizkidan promotoreak. Eskaintza ekonomiko tentagarriak egin zizkidaten, nire bizitzako pasarte bat berriro oholtzara eraman nezan, baina nik ez nuen horretarako batere gogorik. Egitekotan, bizitza osoko errepertorioa egingo nukeela pentsatu nuen, nire ibilbide eta ondare osoari egingo niokeela errepasoa. Irailaren 5ean, ordea, Iñigo hil zen, eta dena bertan behera gelditu zen. Pandemia ere etorri zen, eta atzetik oso prozesu latza pairatu nuen: urruntze ikaragarri bat sentitu nuen, ez nintzen eszenatokietara igotzeko gai sentitzen».

2022ko ekainean La Mala Rodriguez abeslariak Irunen (Gipuzkoa) kontzertu bat jo zuenean aldatu zen hori, Muguruzak aitortu izan duenez. Quien manda aquí abestia berarekin batera kantatzeko gonbita egin zion musikariak, eta, hasieran oholtzara igotzea kosta egin zitzaiola esan arren, azkenean esperientzia «zoragarria» izan zela iruditu zitzaion. Eta hor hasi zen biraren harra. «Babes itzela jaso nuen, eta erronka jo nion neure buruari, kontzertu bat behinik behin egin beharko nuela».
Makroa eta mikroa
Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin sortutako kantuak ez ezik, bakarkako ibilbidean sortutako abestiak ere eskaini ditu Muguruzak zuzenekoetan, eta lehen lerroko musikari taldea izan du ondoan horretarako: Lide Hernando gitarra jotzaile eta abeslaria, Miryam Matah abeslaria, Victor Navarrete baxu jotzailea, Gerard Chalart 58 perkusio jotzailea, Xabi Solano trikitilaria, Jon Elizalde eta Amets Aznarez tronboi jotzaileak, Aritz Lonbide tronpeta jotzailea, Igor Ruiz Fino saxofonista eta Gloria Maurel bateria jotzailea. Baina, horrez gainera, lekuan lekuko kolaborazioak ere izan ditu oholtzan, eta, esate baterako, Negu Gorriak taldean kide izan zituen Kaki Arkarazo, Mikel Anestesia eta Mikel Abrego behin baino gehiagotan igo dira oholtzara.
Ikusi gehiago
Abuztuaren 14an, etxean, Irungo Moskun (Gipuzkoa) emandako kontzertu jendetsua ere birako beste mugarrietako bat izan zen. Baita Anoetan eskainitakoa ere. Orduko hartan, 30.000 ikusle izan zituen aurrean musikariak, eta, euri zaparraden ondorioz hainbat atzerapen eta arazo izan ziren arren, zuzeneko indartsua eskaini zuen musikariak orduko hartan ere. EHZ jaialdian ere parte hartu zuen, eta, hain zuzen ere, eskala erraldoi horren eta eskala txikiagoko kontzertuen arteko oreka bilatzeari buruzko gogoeta hau eskaini zion emanaldi haren atarian Ipar Euskal Herriko Hitza-ri. «Zubiak egin behar dira. Neurtu egin behar da, baina momentu batean futbol zelai bat betetzeko ahalmena baldin badaukazu, uste dut horri heldu egin behar zaiola, betiere niri dagokidanez, ahaztu gabe nondik natorren, eta, hain zuzen, eszena alternatibo horiek ere zainduz eta mimatuz. Oreka hori bilatzen saiatzen naiz, baina ezingo nuke toki txikietan bakarrik jo, hori esklusibotasunaren alde egitea litzatekeelako, eta horren kontra nago. Argi daukat, beraz, eta oreka hori bilatzen saiatzen naiz».
Bihar, 19:00etan irekiko dira Nafarroa Arenako ateak, eta Hofe musikaria izango da oholtzara igotzen lehena. Aurrez ere zabalduko du gaua, 20:00etan hasiko duen kontzertuarekin. 21:00etan hasiko da Muguruzaren kontzertua gero, baina antolatzaileek aretora hasieratik joateko deia egin diete ikusleei. «Suspertzen ari diren artistei bultzada emateko». Gauerdira arte iraungo du Muguruzaren emanaldiak ondoren, eta orduan, azken akordearen ostean eta hamaika hilabeteko ibilbide ezin biziagoaren ondoren emango dio musikariak birari amaiera. Eta, oraingoz, hori da ziurra den agur bakarra. Birarena.