Lau telebista katek egin zituzten atzo gauean zuzeneko saio bereziak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen berri emateko, eta, alde handiarekin, ETB2 katekoak izan zuen ikusle gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaztelaniazko kate publikoko saioak %23,1eko ikusle kuota izan zuen (159.000 ikus-entzule). ETB1 kateko saioak, berriz, %3,4ko kuota izan zuen (24.000 ikus-entzule). La Sexta kateko saio bereziak %9,7ko kuota izan zuen (69.000 ikus-entzule) emaitzak ematen ari ziren unean, eta analisiaren tartean %8,2ra jaitsi zen. La1 kateko saio bereziak %7,3ko kuota izan zuen emaitzak jakiten ari zirenean, eta %5,4ra jaitsi zen gero.
Espainian ez zuen jakin-min handia piztu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde egunak: La1 kateko saioak %6,6ko kuota izan zuen lehenbizi, eta %3,6ra jaitsi zen analisiaren tartean. La Sexta kateko saioak, berriz, %5,3ko kuota izan zuen emaitzak jakinarazten ari zirenean, eta %3,7ra jaitsi zen analisiaren tartean.
Joan den astean, ETB2 kateak eman zuen hauteskundeen inguruko eztabaidak %19,4ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.