Jone gazteak bere lehen maitasuna bizi du, eta, aldi berean, aitaren parkinsonaren ondorioak bizkortu egiten dira ustekabean. Bilboko Aste Nagusian Olgarekin duen hilezkortasun sentsazioaren eta aitak gaixotasuna bizitzeko duen modu bereziaren arbuioaren artean biziko da gazte bilbotarra. Gertaera horiek direla eta, Jonek uda horretan jakingo du neskato bat izateari utzi eta heldu bihurtzen ari dela. Istorio hori kontatzen du Sara Fantova zinemagileak fikziozko bere aurreneko film luzean: Jone, batzuetan. Bihartik aurrera EITBren Primeran doako plataforman ikusi ahalko da.
2025eko Malagako zinema jaialdian (Espainia), Sail Ofizialean lehiatu zen Jone, batzuetan, eta Fantovak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Ondotik, makina bat jaialditan eman zuten. Bartzelonako D'A jaialdian pelikula onenaren saria erdietsi zuen, eta Atlantida Mallorca Film Fest jaialdian ere irabazi zuen sari bat. Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetara irailaren 12an iritsi zen, eta abenduan estreinatu zen Iparraldeko aretoetan.
Fantovak berak, Nuria Dunjok eta Nuria Martin Estebanek idatzi zuten gidoia. Aktore protagonistak, berriz, Olaia Aguayo, Josean Bengoetxea, Ainhoa Artetxe eta Elorri Arrizabalaga dira.
'Jone, batzuetan' filmaren trailerra.
Filmaren berezitasunetako bat da hainbat sekuentzia 2023ko Bilboko Aste Nagusian grabatu zituztela. «Bertan grabatzeak errealismo handiagoa eman zion lanari, eta aktoreentzat ere askoz errazagoa izan zen une hori bizitzea», esan zion BERRIAri Fantovak. «Prestaketa tekniko handia eskatu zuen». Kaskagorri konpartsarekin elkarlanean aritu zen filmeko lantaldea.
Andreu Ortoll da filmeko argazki zuzendaria, eta musika Pablo Seijorena da.
'Olentzerori eskatu zion' film laburra
Egunotan iritsi da Primeran plataformara Amaia San Sebastian zinemagilearen Olentzerori eskatu nion euskarazko film laburra. Thriller generoko lantzat jo daiteke, eta sexu harreman batekin abiatzen da istorioa. Tania Fornieles aktorea da protagonista nagusia; Iñigo Aranburuk ere parte hartu du, beste pertsonaia bati ahotsa jarrita. San Sebastian bera da gidoilaria.
Alberto Gastesi zinemagilearen Singular filma ere berriki jarri dute plataforma horretan, euskarara bikoiztuta —HBO Max plataforman bertsio originala dago, gaztelaniazkoa—. Argi gorriak telesailaren zuzendaria da Gastesi —Primeran-en martxoaren 20an estreinatu zuten—.
Bestalde, hilaren 20an, Oier Plazaren Popel dokumentala iritsiko da Primeran-era. ETB1 katean ere ematekoak dira datorren astean.