Miguel Angel Blancoren azken bi egunak

Netflix plataformak 'Miguel Ángel Blanco: las 48 horas que lo cambiaron todo' dokumentala estreinatuko du gaur. ETAk PPko zinegotzia bahitu zuen 1997ko uztailaren 10ean, eta handik bi egunera hil zuen. Jon Sistiagak eta Juanjo Lopezek egin dute lana.

'Miguel Ángel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo' dokumentalaren irudi bat. NETFLIX
'Miguel Ángel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo' dokumentalaren irudi bat. NETFLIX
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Sistiagak eta Juanjo Lopezek Miguel Ángel Blanco: las 48 horas que lo cambiaron todo (Miguel Angel Blanco: dena aldatu zuten 48 ordu haiek) dokumentalerako «bi lekukotza berri» lortu dituztela esan dute egunotan. Batetik, Patxi Zabaleta Herri Batasunako kide zela Baigorrira (Nafarroa Beherea) joan zen, Jose Manuel Pagoaga Peixoto-rekin elkartzeko. «Bere ahaleginak egiteko eskatu nion Peixotori. Dei bat egin zuen, baina ez zen denborarik ez baldintzarik egon ezer lortzeko», kontatzen du Zabaletak. Maria Jose Gurrutxaga Donostiako abokatuak, berriz, Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko buruzagi ohia ezagutzen zuen gazte garaitik. Dokumentalean kontatzen da nola Gurrutxagak hegazkin bat hartu zuen Miarritzetik (Lapurdi) Parisera, La Santeko kartzelan Txelisekin elkartzeko. «Kepa Pikabea ETAko kidea ere agertu zen. Esan nien ea hura nola geratu zitekeen. Eta esan zidaten ETAko komandoa irratia entzuten ariko zela, ea Espainiako Gobernua presoak mugitzen hasia zen», kontatu du abokatuak. Kartzelatik «atsekabetuta» irten zela gogoratu du. Aurtengo urtarrilean hil zen Gurrutxaga, eta dokumentalaren amaierako kredituetan omendu dute filmaren egileek. Bi saiakera horiek jakinak ziren lehendik, baina zehaztasun horrekin berriak dira Zabaletaren eta Gurrutxagaren azalpenak. 

Netflix ordainpeko plataformak gaur estreinatuko du Miguel Angel Blancoren bizitzaren azken bi egunen inguruko dokumentala. ETAren Donostia komandoak 1997ko uztailaren 10ean bahitu zuen Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi gaztea —29 urte zituen, eta bi urte baino ez zeramatzan bere jaioterrian zinegotzi—, eta ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak ez bazituen presoak Euskal Herriko kartzeletara eramaten, hil egingo zutela Blanco. Duela 29 urte, egun haietan bizitakoa kontatzen du Jon Sistiagak (Irun, Gipuzkoa, 1967) dokumentalean —2019an Movistar Plusentzat ETA. El final del silencio zazpi ataleko dokumental saioa egin zuen—, askotariko elkarrizketak eginda, eta artxiboko irudiak erabiliz. Izan ere, Sistiaga Gipuzkoan berriemaile lanetan ari zen orduan Tele5 katearentzat, eta Jimmy Guerra kamerariarekin batera, Gipuzkoako mendietan barna ibiltzeko bidali zituzten uztailaren 10etik 12rako ordu haietan.

Jon Sistiaga Miguel Angel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo dokumentalean
Jon Sistiaga 'Miguel Ángel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo' dokumentalaren irudi batean. NETFLIX

Uztailaren 12ko arratsaldean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) aurkitu zuten Blanco, ETAko komandoak buruan bi tiro eman ostean. Ospitalera bizirik iritsi zen, baina 13ko goizaldean hil zen. Dokumentalean gogoratzen dutenez, egun batzuk lehenago, uztailaren 1ean Espainiako Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa aurkitu zuen Arrasaten (Gipuzkoa) —ETAk 532 egunez izan zuten bahitua—.

The Tintirin Team ekoiztetxearen lan bat

Dokumentaleko elkarrizketatuen artean, orduko Espainiako Gobernuko presidente Jose Maria Aznar ageri da. Jaime Mayor Oreja orduko Espainiako Barne ministroak, berriz, kontatzen du nola agindua eman zuen Frantziako espetxe zuzendaritzara dei bat egin zezaten, Gurrutxaga La Santeko kartzelan sartu eta Txelisekin elkartzeko baimena eman zezaten. Gurrutxagak berak aipatzen du Jean-Pierre Chevenement Frantziako ministroaren baimenari esker sartu ahal izan zela La Santera.

1997ko uztaileko egun haietan bizitakoak kontatzen dituzte dokumentalean hainbat kazetarik: Iñaki Iriondo, Lourdes Perez, Veronica Elorza... Elkarrizketatuen artean daude Carlos Totorika orduko Ermuko alkatea, PPko zinegotziaren arreba Marimar Blanco, lankideak eta lagunak, Felipe VI.a Borboikoa, Donostiako Ospitalean Blanco hilzorian artatu zuen medikua eta hainbat guardia zibil eta ertzain. 

Miguel Angel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo dokumentala
'Miguel Angel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo' dokumentalaren irudi bat. NETFLIX

Artxiboko irudietan ageri dira egun haietan kaleetan herritarrek ETAren aurka egin zituzten hainbat mobilizazio; kasurako, Ermutik (Bizkaia) Eibarrera (Gipuzkoa) egin zutena. Hiri ugaritan egin zituzten elkarretaratze eta manifestazioak, ETAren bahiketa haren kontra. Sistiagak dokumentalean, off-eko ahotsean, ematen du bere iritzia. «Gizarteak ETAri aurre egiteko beldurra galdu zuen», dio Irunen jaiotako kazetariak. Egunotan, bestetik, hainbat elkarrizketatan Sistiagak esan du «Euskadin amnesia gozo bat» bizi dela ETAren gaiarekin.

Miguel Ángel Blanco: las 48 horas que lo cambiaron todo dokumentala The Tintirin Team ekoiztetxeak produzitu du Netflixentzat. Juanjo Lopezek sortu zuen ekoiztetxe hori, eta ez-fikziozko formatuak lantzen ditu. Iaz, Proyecto Sistiaga elkarrizketa saioa egin zuten Mediaset taldeko Cuatro katearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA