Joan den astean estreinatu zuen EITB taldearen Primeran plataformak Kult zinema saioa, euskal zinemari eta ikus-entzunezkoei eskainitako asteroko emankizuna. Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas filmaz aritu ziren lehen atalean. Bihar, programako bigarren atalean, Piztiak telesailaz mintzatuko dira.
Mahai inguru formatua du Kult zinema saioak, eta Amaia Artetxe kazetariak aurkezten du. Biharko atalean, bost solaskiderekin mintzatuko da Artetxe: Amancay Gaztañaga Piztiak telesaileko gidoilaria eta bi zuzendarietako bat, Xanti Rodriguez beste zuzendaria eta efektu berezien gainbegiralea, Iraia Elias eta Iñigo Aranbarri aktoreak, eta Xanti Salvador soinu diseinuaren arduraduna. Azkeneko hamarkadetan, Euskal Herriko makina bat film labur, dokumental, film luze eta telesailetan soinu teknikari lanak bete ditu Salvadorrek. Mahai inguruak 50 minuturen bueltakoak dira.
Sei atalez osatuta dago Piztiak fikziozko telesaila, eta guztiak Primeran doako plataforman ikus daitezke. Formatu txikiak, talentu berriak deialdiaren barnean ekoitzitakoen artean estreinatu duten aurreneko telesaila da. Gaizka Izagirre BERRIAko kritikariak «nortasun handiko» telesailtzat jo zuen apirilaren 25ean idatzi zuen kritika luzean. «Apustua ausarta zen, arriskutsua, baina Gaztañagak eta Rodriguezek irmo eutsi diote amildegiaren ertzean».