2027ko uztailaren 10ean 30 urte beteko dira ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzia bahitu zuenetik; handik bi egunera buruan tiro egin zioten, eta biharamunean hil zen. Jon Sistiaga kazetariak Miguel Ángel Blanco: las 48 horas que lo cambiaron todo (Miguel Angel Blanco: dena aldatu zuten 48 ordu haiek) dokumentala egin du aurten, Juanjo Lopezekin batera, eta Netflix plataformak uztailaren 10ean estreinatu zuen. Bi egitasmo badira fikziozko bi film egiteko. Horietako bat gaur aurkeztu du TVEk, Donostian: Blanco. Eta, horretan, Jon Sistiaga bera aholkulari lanetan aritu da, baita gidoiak gainbegiratzen ere. «Film berri horretan, gertaera haien berri emateko kazetariek nola lan egin zuten ikusiko da», iragarri du Sistiagak. «Filmean aterako den guztia gertatu egin zen», gaineratu du Irungo (Gipuzkoa) kazetariak.
Felix Biskarret zinemagileak (Iruñea, 1975) zuzenduko du Blanco. Kiko Martinez Valentziako (Herrialde Katalanak) ekoizlea dago egitasmoaren atzean. «Espero dut film hau ikastetxeetan eman ahal izatea», adierazi du Martinezek. Jose Pastor TVEko Zinema eta Fikzio zuzendariak, berriz, nabarmendu du 2027an «proiektu oso garrantzitsua» izango dela Espainiako irrati-telebista publikoarentzat. Miguel Angel Blanco fundazioaren ordezkari batek ere parte hartu du gaurko aurkezpenean.
Beste filma Bowfingerrek ekoitziko du
Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren inguruko zinemarako beste filma Bowfinger International Pictures ekoiztetxeak egingo du. La infiltrada filma ekoitzi zuen konpainia horrek, eta egunotan El confidente filmean ari da lanean. Donostian, Kursaalaren parean eta Urumea ibaiari begira, afixa erraldoi bat jarri dute azken lan hori iragartzeko —urtarrilaren amaieran estreinatuko dute aretoetan—. Aktore protagonista Miguel Herran izango da.

Ekoiztetxe berak, Bowfinger Pictures-ek, El Hijo de Todos izeneko enpresa erregistratu du Donostian, Blancoren hilketaren inguruko pelikula egiteko. Bai El confidente-ren bai Blancoren gaineko beste film horren zuzendaria Daniel Kalparsoro (Bartzelona, 1968) izango da. Euskal Herrian hazia da zinemagilea.
Bada fikziozko beste proiektu bat, ez duena zehatz-mehatz Blancoren hilketa ardatz, baina 1997ko uztaileko egun haietan girotuta dago, Iruñeko sanferminetan. Istorio horretan ere ageri da ETAren atentatu hura. Natxo Lopez gidoilariak idatzitako Iruña, 1997 telesaila thriller bat da berez, gidoilariak berak aurten argitaratu duen eleberrian oinarritua. David Lopez Sañudo ari da zuzendari lanetan; Sacamantecas filma aurkeztu du asteon Donostiako Zinemaldian.